"Hurrengo 14 erakunde memorialistek: Goldatu elkarte sozio-kulturala, Intxorta1937 kultur elkartea, San Fermines 78, Martxoak 3-Asociación de víctimas del 3 de Marzo Gogoan, Gernika Batzordea, Asociación 6 de marzo por Juan Gabriel Rodrigo Knafo, Ateneo Republicano de Alava Eraiki-Arabako Errepublikar Ateneo Elkartea, Gogoan Sestao Elkartea-Recuperación de la Memoria Histórica, Comisión Memoria Histórica CNT Euskadi, Asociación republicana irunesa Nicolás Guerendiain, Kepa Ordoki MHB, Bidasoaldeko elkarte memorialista, Oroituz, Andoainen, Tolosako Errepublikanoak-Foro Republicano de Tolosa eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia-GEBehatokia,
jakinarazi nahi dugu salaketa bat aurkezteko asmoa dugula Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzan, bere eskuduna baita Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legea aplikatzea, joan den urriaren 12an Gasteizen izandako gertaerei dagokienez.
Gertakari horiek publikoki ezagunak dira, eta horien artean daude sinbologia frankista eta diktadura frankista goraipatzen duten elementuak erakustea, eta faxismoaren ekintza, keinu eta diskurtso apologetikoak egitea. Diktadura frankistaren biktimengan gutxiespena eta umiliazioa eragiteko asmo nabarmena zuten horiek denak, liskar bat bilatuz eta, nahita, errepresio frankistaren izugarrikeria bere haragitan bizi izan zuen hiri bat agertoki gisa erabiliz, bai kolpearen lehen konpasetan, bai frankismo berantiarrean, 1976ko martxoaren 3an langileei egindako sarraski ezagunarekin.
Gertakari horiek Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legearen XII. kapituluan (zigor araubidea) eta Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Espainiako Legean jasotako arau-hauste administratiboak dira.
Baina, gainera, izututa ikusi ahal izan genuen autonomia-erkidegoetako eta udaletako polizia arduradunen gelditasuna, beren esku baitzeukaten gertakari horiek eragozteko aukera administratiboa, dela manifestatzeko baimena bertan behera utziz, dela han egiten ari ziren jarduerak egiaztatu ondoren, jarraipena eragotziz edo/eta bildutakoak deseginez. Poliziaren arduradunek jarduketa horri uko egin zioten, haiek babestuz.
Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren lege horietan jasotzen da ekintza horiek egin zituztenen eta horretarako baimena eman zietenen erantzukizun partekatua. Zehazki, Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Euskal Legearen 46.3 artikuluak adierazten du, lege horren aurkako jokabideak egiten dituzten pertsona fisikoez gain, “Halaber, arau-haustearen egiletzat joko dira horien gauzapenean laguntzen duten pertsonak, haiek egindako ekintza hori gabe arauhausterik ez egoteko moduan, bai eta lege-mailako arau batean ezarrita dagoen betebeharra, veste batek arau-hauste bat egitea ekiditeari dagokiona, betetzen ez dutenak ere”.
Espainiako Memoria Historiko eta Demokratikoaren legeak ideia hori azpimarratzen du, eta 62.1.d) artikuluan arau-hauste oso larritzat jotzen du “altxamendu militarra, gerra edo diktadura pertsonalki edo kolektiboki goresteko ekintzak egitea galarazteko edo amaiarazteko beharrezkoak diren neurriak ez hartzea, jendearentzako gune irekietan edo lokal eta establezimendu publikoetan”.
Han zeuden poliziek memoria-legeen aurkako jokabideak eragozteko edo eteteko behar diren neurriak hartzen ez zituztenez, “era berean”, gertaeren egile bihurtzen dira, eta, beraz, erantzukizunpeko subjektu, aipatutako arau-hausteetan oinarrituta.
Hori dela eta, ekitaldiaren antolatzaileei zein polizia-operatiboen arduradunei, udal zein autonomikoei, eta, halakorik ezean, azken arduradunei (Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuari) dagozkien zehapenak ikertzeko eta, hala badagokio, aplikatzeko eskatzen dugu.
Prentsan entzun dugu Segurtasun Sailak Herritarren Segurtasunerako 4/2015 Legearen arauhausteak aztertzeko asmoa duela, hau da, ordena publikoari lotutako kontuengatik.
Akats larria iruditzen zaigu, Memoria Historiko eta Demokratikoaren arau-hausteetan dituen erantzukizunak berriro ere alde batera uzten baititu. Lege-testuaren arabera, erantzukizun horiek dira, gogoratzen dugu, bai egin zituztenenak, bai baimena eman zietenenak.
Salaketa hau bultzatzen dugun pertsonok errepresioa eta jazarpena pairatzen dugu. 40 urtez Falangeko matoienganako beldurrak izututa bizi izan ginen. Isiltasunera kondenatuak. Frankismoaren biktima garen aldetik, Gasteizen “Cara al Sol” besoa goratuta abesten ikusitako irudiek min ematen digute eta berriro biktimizatzen gaituzte, eta han egin ziren apologia eta gorespen frankistako ekintza horiek gure duintasunaren gutxiespen eta kalte gisa barneratzen ditugu, ageriko umiliazio gisa bizi ditugu eta biktimizazio bikoitz gisa ikusten ditugu.
Nola onartu ahal izan da Estatu Kolpea gertatu eta 50 urtera gertaera horiek erreproduzitu ahal izatea?; nork eta zergatik baimendu dute?; nola da posible Falange bezalako alderdi bat legezkoa izatea?
Iaz Memoria Osoa plataformatik mobilizatu ginen Guardia Zibilaren desfileak torturaren milaka biktimak berriz biktimizatzen zituela salatzeko. Aurten zorigaiztokoa zen ekimen hura berriro ez errepikatzea lortu da, baina Falangea Ertzaintzak babestuta mobilizatzea eta azken 50 urteetan izan duten eta duten zigorgabetasuna gogoraraztea jasan behar izan dugu.
Norbaitek ulertuko al luke Hitlerren alderdi naziak edo Mussoliniren Alderdi faxistak, 50 urte geroago, gorazarreko kontzentrazioa egitea?
Azazetan hildako 16 gasteiztarrak, tartean Teodoro González de Zarate eta Francisco Diaz de Arcaya, Gasteizko alkatea eta zinegotzia, hurrenez hurren, Jose Luis Abaitua Perez, ABBren burukide (EAJ-PNV), Victor Alejandre, Gaubeakoa (Partido Republicano Radical Socialista), Jose Domingo Elorza San Vicente (PSOE), Francisco Garrido Saez de Ugarte (CNT), Jesus Estrada Abalos (PCE), Manuel Jose Collel Aguila (Unión Republicana), Casimiro Cerrajería Zarranz (UGT) eta errepresio frankistak hildako eta Santa Isabel hilerrian fusilatutako dozenaka biktima gasteiztarrak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Espinosa Oriverekin, Estepan Urkiaga “Lauaxeta” rekin eta ANVko lehen komandante Jose Placer-rekin batera, hilobietan iraulka ibiliko dira egunotan, Falangeko matoiak Gasteizen berriz ere nahi bezala ibili direla ikusita.
Hamalau erakundeok memoriaren legeetatik erreakzionatzeko eskatzen dugu, Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak kudeatzen baititu, eta zuzendaritza horrek hartu eta defendatu egin beharko gintuzke. Era berean, eskatzen dugu, Euskal Administrazio Publikoen Zehatzeko Ahalmenari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 31. artikuluan oinarrituta, salatzaileei aitortza egin dakiela “arau-haustearen biktima” gisa, prozeduraren egoeraren berri izateko dugun eskubidea gauzatu ahal izateko, jarraipena egiteko eta pertsonatu ahal izateko. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Espainiako Gobernuari eska diezaiola Falange Española alderdia legez kanpo uzteko eta desegiteko espediente juridikoa irekitzeko, Euskadiko eta Espainiako legeak behin eta berriz ez betetzeagatik".