Espetxea 1948an ireki zen, eta 78 urteko historiaren ondoren, hilabete gutxiren buruan ez da preso gehiago hartuko, eraitsi eta ingurua berrurbanizatu egingo baita.
Elkarteen eskaeran adierazten denez, frankismoan atxilotuak eta torturatuak izan ziren askorentzat “kartzela hori tortura horien luzapen bat izan zen, bertan heriotza eragin zuten kasu askorekin, bai bere barruan, baita aske utzi eta hilabete gutxira”.
Bi puntu dituen eskaera luzatu zaie Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari horiei, zehazki:
"1- Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legearen VII. kapituluko 29. Artikuloaren 1.- atalean ezarritakoaren arabera, Martuteneko espetxea "Memoria Gunea" izendatzea, toki nabarmena eta ezaguna baita, artikulu horretan dauden honako baldintzak beteaz: "Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interesa sortzen duen espazio, higiezin edo parajea, bertan garrantzi bereziko gertaerak garatu direlako, garrantzi historiko, sinboliko edo oroimen kolektiboan izandako eraginagatik, balio eta askatasun demokratikoen defentsarekin lotutakoak”.
2.- Eusko Jaurlaritzaren aipatu Legearekin eta Donostiako Udalak berak espetxe hau eraisteko ebazpenarekin bat etorriz, bere elementu adierazgarri bat (sarrera, garita, etab.) kontserbatzea, etorkizunean, sortutako mina eta egia historikoa ahalik eta gehien errespetatuz, elementu adierazgarri hori aintzat har dadin eta inguruan aurreikusitako hirigintza-garapenaren esparruan txerta dadin".
EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren legea, oinarri hartuta
Eskatzaileek, gogoan hartu dute Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legearen VII. Kapituluak zer dioen memoria historikoaren Euskadiko tokiei, espazioei eta ibilbideei buruz:
“29. artikulua. – Euskadiko memoria historikoaren lekuak, espazioak eta ibilbideak.
1. – Euskadiko memoria historikoaren lekutzat hartzen da Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interesa adierazten duen espazio, higiezin edo parajea, bertan garrantzi bereziko gertaerak garatu direlako, garrantzi historiko, sinboliko edo oroimen kolektiboan izan duen eraginagatik, balio eta askatasun demokratikoen defentsarekin lotuta.
2. – Memoria historikoaren ibilbidea Euskadiko memoria historikoaren bi lekuk edo gehiagok osatzen duten multzoa izango da. Leku horiek bat etorri behar dute espazioan, eta interpretazio-irizpide komunak izan behar dituzte, historikoak edo sinbolikoak. Hala ere, arkitektura-, paisaia-, ingurumen-, etnografia- edo antropologia-izaerako beste balio garrantzitsu batzuk ere egon daitezke.
3. – Era berean, Euskadiko memoria historikoaren espaziotzat hartuko dira biktimen familiek, elkarte memorialistek, erakundeek eta administrazio publikoek gerora errepresio haren biktimak oroitzeko, aitortzeko eta erreparatzeko eraiki zituzten espazioak, nahiz eta 1. puntuan jasotako gertaerei zuzenean eta historikoki lotuta ez egon.
4. – Aurreko atalen barruan hartzeko zehaztutako ezaugarriak dituzten lekuak, memoriaren lekuen, espazioen eta ibilbideen katalogo bat sortuko da, leku horien publizitatea eta zabalkundea egiteko tresna gisa. Gogora Institutuari dagokio memoriaren lekuen, espazioen eta ibilbideen katalogoa kudeatzea, mantentzea eta zabaltzea".
Memoria talde ugariren eskaera
“Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataforma” osatzen duten erakundeek bultztau dute eskaera:. Hona zeintzuk: Altafaylla Kultur Taldea; Baskale Elkartea; Euskadiko CNTko Memoria Historikoaren Batzordea; Donostiako genozidioaren biktimak; Durango 1936 Kultur Elkartea; Egiari Zor Fundazioa; Euskal Memoria Fundazioa; Eusko Lurra Fundazioa; Garraxika Taldea; Gernika Batzordea; Goldatu Elkartea; Intxorta 1937 Kultur Elkartea; Martxoak-3 Elkartea, Sanferminak 78: Gogoan; eta, Oroituz, Andoainen.
Bestalde, eskaerarekin bat egin dute honako elkarteek ere: "Nicolás Guerendiain" Irungo elkarte errepublikarra; Ateneo Republicano de Álava Eraiki-Arabako Errepublikar Ateneoa; Tolosako Foro Errepublikarra Cecilia G. de Guilarte; Gogoan Sestao Elkartea-Memoria Historikoa Berreskuratzen; eta, Kepa Ordoki MHB, Bidasoaldeko elkarte memorialista.