“40 urte memoriaren eskutik”: Intxorta elkartearen ibilbidea kontatzen duen liburu mardula

Erabiltzailearen aurpegia Oroituz, Andoainen elkartea

Nati Roa, Jon Iñarra, Juan Ramon Garai, Julia Monge eta Alberto Encinas Intxorta Kultur Elkarteko kideak, Maddi Trutxuelo liburuaren diseinatzailearekin 

Intxorta Kultur elkartearen 40 urteko ibilbide luze bezain emankorra jasotzen duen “40 urte memoriaren eskutik” liburua aurkeztu zuten Arrasaten, joan den astean. Memoria historiko antifrankistak azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan duen mugimenduaren baitan, aitzindaritzat jo daiteke Intxorta elkartea. Aurkezpena, bideoz ikusi liteke (behean).

Intxorta Kultur Elkarteko kide den Juan Ramon Garaik aurkeztu zuen liburua. Adierazi zuenez, 1986ko urrian ekin zioten faxismoaren aurka egin zuten Debagoieneko herritarren aldeko memoria historikoaren lanketari; 1934ko urriko matxinadan eta 1936ko gerran ibili zirenen testigantzak eta agiriak jasotzen hasi ziren orduan.

Garaik gogoan dauka garai hartan udalera laguntza eske joan, eta jaso zuten erantzuna: “zauri zaharrak ez dira ireki behar!”. Halako erantzuna nori eta, Franco osteko trantsizioan ezarri zen amnesia zela-eta irekita jarraitzen zuten zauriak benetan ixteko gogoa zeukatenei!

Urte mordoska igaro da harrezkerotik, eta bitartean aldatu da mentalitate hori erakundeteetan, Intxorta eta beste hainbat herri taldeek gizartean egin duten kontzientzia-lanari esker, batik bat. 

Orain 40 urte bezala, gaur egun ere Intxortak frankismoaren biktimentzat “Egia, justizia eta erreparazioa” eskatzen jarraitzen duela esan zuen Garaik.

 

 

Ekitaldi-sorta, hurrengo egunetan

Liburua aurkezteaz gain, Egiaren Topaketak izenburuko ekitaldi-sorta antolatu dute egunotan.

* Irailak 23 (asteazkena) 17:30. “40 urte Egia eta Justiziaren alde” erakusketaren irekitzea. 18:30. Hitzaldia: Emilio Silva eta Monica Jato. Kulturaten.

* Irailak 24 (osteguna): 18:30. “27 de septiembre de 1975” liburuaren aurkezpena. Josu Ibargutxi, Rosa Garcia Alcon eta Manuel Blanco Chivite. Kulturaten.

* Irailak 26 (larunbata): 12:00. Omenaldia, Arrasateko monolitoan. 90 urte Debagoienan kolpistak sartu zirela.

* Irailak 29 (asteartea): 19:30. “Winnipeg Itxaropenaren ontzia” filmaren aurkezpena. Amaia Antzokian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!