Aiztondoko Eskola Publikoaren Sarea, gai askoren hizpide

Erabiltzailearen aurpegia PEDRO MARIA OTAÑO HERRI ESKOLA 2022ko urt. 21a, 12:34

Euskal Herriko Eskola Publikoaren Sareak Aiztondo bailara osoa zeharkatzen du: Adunako Herri Eskola, Alkizako Herri Eskola, Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskola, Asteasuko Pello Errota Herri Ikastetxea, Larraulgo Herri Eskola, Zizurkilgo Otaño Herri Eskola eta San Millan Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola guzti hauek jarraipena dute Amasa- Villabonako Erniobea BHI Institutuan.

Horrela, Aiztondo bailaran Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza sare publiko osoa dugu. Urteak eta urteak daramatzagu Aiztondo bailarako zuzendariak koordinazio bilerak hilabetero eginez, Lasarteko Berritzeguneko zuzendariak koordinatzen gaituelarik.

Bailaran eskola tipologia desberdinak egonik, arazo eta interes komun asko ditugu, eta elkarlanean aritzea oso onuragarri da guztiontzat. Bilerak eskola desberdinetan egiten ditugu, txandaka, eta helburu nagusiak Aiztondo Eskola Publiko Sare bakarra indartzea, elkarlana sistematizatzea eta eskolen arteko harremanak sendotzea dira, besteaz beste.

Aiztondo bailarako Eskola publikoek komunean dituzten gai asko eztabaidatzen dira:

  • Lehen hezkuntzatik DBHrako iragaitza.
  • Aiztondoko topaketak.
  • Eskola bakoitzeko esperientziak eta proiektuak konpartitzea.
  • Metodologiaren inguruko hausnarketa.
  • Ikasleen ebaluazio sistemak eta tresnak.
  • Eskolako ohiko funtzionamendua: klaustroa, taldeko dinamikak,…
  • Bailarako eskolen bixita gidatua.
  • Zuzendaritzaren eskuhartzea eskolan.
  • Hezkuntza komunitatearen harremanak.
  • Aurrematrikulen kanpainak.
  • Lasarteko Berritzegunearen eskuhartzea.
  • Ekintza komunak.
  • Hezkuntza legedia eta arautegia aztertzea.
  • Hezkidetza eta elkarbizitza ekintzak finkatzea.
  • Hezkuntza Saileko ikasturteroko deialdiak aztertzea eta prestatzea.

Aiztondoko zuzendarien bilerak, Aiztondoko eskola publiko guztietarako onurak ekartzen dituen funtsezko topagune dira. Azken finean, proiektu bakarra osatzen dugu: Aiztondoko Eskola Publikoaren Sarea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!