Zizurkilgo P.M Otaño Herri Eskolak, 2003-2004 ikasturtean, gaur egun oinarri dituen zutabeak finkatu zituen. Ikasleek, irakasleek, familiek eta herriko hainbat eragilek egindako ametsetatik eraiki ziren. Ametsak mota askotarikoak izan ziren: batzuentzat, euskararen erabilera sustatzea zen garrantzitsua, beste batzuentzat, eskola herrian funtsezko ardatz bilakatzea. Euskal kultura eta ohiturak indartuko zituen eskola izatea nahi zuten askok, harreman osasuntsuak bultzatuko zituena beste hainbatek, aniztasuna kontuan hartuta inklusioa bermatuko zuena besteek. Zerrenda luzea izan zen, eta denak hiru lan-talde edo batzordetan banatu ziren. Urtetan zehar, horiek gauzatzeko elkarlanean aritu gara Otañon.
Hogei urte horietan, ikasle eta familia ugari bildu ditu eskolak, hainbat irakasle eta langile ezagutu ditu, eta, nola ez, herriko eragile eta elkarteekin batera lanean aritu da. Urteak pasa ahala, ikasle, familia, irakasle eta langileak aldatzen joan dira, baita behar eta lehentasunak ere. Horri erantzun egokia emateko, amets egitea tresna ezin hobea da. Amesteak ilusioa pizten du; amesteak errealitatea eraldatzea ahalbidetzen du. Hori dela eta, P.M. Otaño Herri Eskolan, berriz ere, amets egingo dugu. Denona eta denontzat den eskola hobetu, eta gureago egin dezakegu.
Zure ametsa helaraztera animatu nahi zaitugu, eta horretarako bi aukera dituzu: ametsa idatzi, eta maiatzaren 4tik 12ra, eskolako sarreran egongo den postontzian sartu, edo jarraian dagoen esteka bitartez: AMESTEKO SAKATU HEMEN