Urteak daramatzagu lehen lerroan, festen jai eta ekintza alternatiboen antolakuntzaren frontean, eta pixkanaka, ilusioa eta grina ordez, nekea somatzen hasi gara. Azken urteetan, festen antolakuntza bukle amaigabe batean murgildu gara, Iñauteriak, urteurrena, Gazte Festak eta Sanmielak. Eta berriro hasi. Atsedenik gabe, kasik. Motibazioa beharrean erantzukizuna sentitu dugu. Eta erantzukizun horrek erre egiten gaitu.
Beste herri modelo bat posible dela sinistuz murgildu ginen Poxta Zaharren, eta horretan jardun dugu, herria piztuz, hamaika ekintza burutuz, idatzita zegoena irauliz. Herria aldatzen jarraitzeko aurpegi berriak behar dira ezinbestean, haize freskoa, eta horrelako gutxi jaso dugu azkenaldian. Alde batera pausu bat emateko garaia iritsi zaigula uste dugu, belaunaldi berriek lekukoa hartzeko momentua da.
Horregatik, aurtengo gazte festak Poxta Zaharrek bakarlanean antolatzen dituen azkenak izango dira erreleborik egon ezean. Guk pixu gutxiagoko ekintza alternatiboak antolatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, antolatzeko gogoa dugun edozer, erantzukizunik gabe, herriko beste eragileekin batera elkarlanean, herria pizten jarraitzeko asmoarekin.
Poxta Zahar indarberritu eta haria ez eteteko zure beharra du Urnietak!