Ezohiko egoerak eta komunikabideek egindako lan apartak areagotu egin dute euskarazko gertuko informazioaren gosea. Ikusi besterik ez dago toki komunikabideen webguneen erabilerak izan duen gorakadak.
Martxotik martxora, %85ko hazkundea
Amaitu berri den 2020ko martxoko trafikoa 2019ko martxokoarekin konparatuz gero, TOKIKOMeko webguneetara egindako bisitek %85 egin dute gora: 1.250.274 izatetik 2.314.268 izatera pasa dira. Erabiltzaileetan ere %64ko igoera izan da, 406.686tik 668.637ra eta, azkenik, ikusitako orrialde kopurua ere neurri bertsuan hazi da %66, 3.155.447tik 5.234.440ra pasatuz.
Hazkunde horretan, nabarmentzekoa da gaixotasunak gogorren jo duen lekuetan nola igarri den tokiko informazioarekiko interesa hazi dela. Hala, Arabako Aleak aise hirukoiztu egin du bisita kopurua, eta Beterri-Aiztondo-Buruntzako Aiurri.eus ere hortxe-hortxe ibili da, egunotan egiten ari den lanketa bereziari esker.
Hilabetean, %51eko hazkundea
2020ko otsaila eta martxoko datuak konparatuz gero, hor ere nabarmena da igoera. Talde osoko webguneen bisitak %51 hazi dira tarte horretan, eta hor ere nabarmena izan da eremu kaltetuenetan izan den gorakada: Bizkaiko Hego Uribe eskualdeko Geuria.eusek 2,61 aldiz biderkatu du bere bisita kopurua otsailetik martxora, eta Arabako Aleak 2,53 aldiz.
Trafiko mugikorra, %75
Bestalde, azken 12 hilabeteetako kontsumo datuek argi erakusten dute giroan sumatzen den sentsazioa: batez beste, TOKIKOMeko webguneetara egindako bisiten %74,5 gailu mugikorretatik egin dira martxoan, duela urtebete baino 7,37 puntu gehiago, eta otsailean baino 3,28 gehiago.
Hainbat webgunetan, gainera, mugikorretako trafikoa bisita guztien %80tik gora da jadanik. TOKIKOMeko komunikabideak ezin hobeto egokitu dira errealitate horretara, eta bazkide gehienek edizio digitalaren oinarri gisa erabiltzen duten TOKIKOM Plataforma informazioa mugikorretan bikain erakusteko diseinatuta dago.