Toki komunikabideen erronkak aztergai, TOKIKOM Sarien 8. edizioan

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2024ko aza. 20a, 20:46

TOKIKOMeko 2023ko Batzar Orokorra

TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, TOKIKOM Sariak banatuko ditu Artikan (Nafarroa) azaroaren 22an. Sariketa antolatzeko, TOKIKOMek Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, kafe eta mokadutxo batekin, eta, jarraian, TOKIKOM SARIAK banatuko dira, toki komunikabideetan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena ere nabarmentzeko. Gainera, Nafarroa Saria ere emango zaio Nafarroako baloreak eta konpromisoa ondoen islatzen dituen lanari. Sarion helburu nagusia toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea da.

Honako hauek dira sariak eskuratzeko lehiatuko diren finalistak:

Azalik onena

• PUNTUA (Debagoiena). Biniloa.

• KARKARA GUKA (Orio-Aia). Olatu berrien bila.

• GUAIXE (Sakana). Matxismoa ari du.

Edukirik onena

• UZTARRIA GUKA (Azpeitia). Gelditu dira inprentaren makinak.

• KRONIKA (Urumealdea). Gizatasuna ideologien gainetik.

• ANBOTO (Durangaldea). Gazatik ihes egindako 25 palestinarrek Berrizen hartu dute aterpe.

Ikus-entzunezkorik onena

• 28 KANALA (Tolosaldea). Haritik tiraka: tokiko merkataritza.

• ANTXETA IRRATIA (Bidasoaldea). Uhin inklusiboak.

• HIRUKA (Uribe Kosta). Bene Markaida.

Toki komunikabideen erronkak Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko. Horretarako, hiru ponentzia mamitsu antolatu ditu, erronka horien artean kokatzen diren hiru gai nagusienetakoen inguruan: euskararen beraren etorkizuna, lanen eta baliabideen antolakuntza hobetu beharra, eta hedabideen inguruko komunitategintza. Horretarako, izen handiko gonbidatuak ekarriko ditu, hurrenez hurren:

• Euskararen Gogoetaguneko Jon Sarasuak euskararen etorkizunaz egindako lanketan toki komunikabideei aitortzen dien paperaz jardungo du.

• AEK-ko Lurdes Etxezarretak eta Xabi Gartziak, berriz, AEK-k azken urteotan barne integrazioaren eta antolaketaren alorrean egiten diharduen prozesuaren berri emango dute, toki komunikabideentzat interesgarria izan daitekeelakoan.

• Azkenik, ElDiario.es-eko fidelizazio arduradun RamoĢn Argelinak haien kidetza eta fidelizazio estrategiaz hitz egingo du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!