Hori ikusita, TOKIKOMen erabaki dugu Mastodon sare sozial irekira jauzi egitea. Mastodon hainbat komunitate txikiz osatutako sareen sare bat da, eta haren atzean ez dago korporazio multinazional gaiztorik, bere helburu bakarra erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea da.
Hori dela eta, TOKIKOMek tkm.eus sortu du, Mastodon sareko zerbitzari bat, tokiko informazioan espezializatua, eta bertan ireki dugu kontua taldeko hainbat eta hainbat komunikabidek. Aurrerantzean, beraz, @aiurri@tkm.eus kontuaren bitartez jarraitu ahal izango da edukia. Aiurritik, gonbitea egin nahi dizuegu jarraitzaileoi, korporazio erraldoien menpeko sare sozial komertzialetatik Mastodon bezalako sare sozial irekietara pasatzeko: algoritmorik gabe, eta batez ere, geuretik eta geuretzat sortuak. Sortu dugun kontu berria jarraitzeko aukerarik errazena Mastodon sareko kontu batetik egitea da:
Dagoeneko Mastodon kontu bat baldin baduzu, Mastodoneko bilaketa kutxan @aiurri@tkm.eus sartu, eta berehala jarraitu ahalko duzu. Oraindik ez baduzu Mastodon konturik, euskaraz funtzionatzen duten bi zerbitzari daude aukeran, eta haietan kontu berria irekitzea erraza da: mastodon.eus.
Joxe Rojas, Komunikazio eta IKT zuzendaria
“TOKIKOMen aspalditik gabiltza oso kezkatuta sare sozial korporatiboek hartu duten bidearekin: desinformazioa, eskuin muturreko interesen defentsa eta erabiltzaileen osasun mental eta fisikoaren gaineko kalteak gero eta nabarmenagoak dira, eta gaiztotze prozesu hori asko bizkortu da azken urtebetean. Iruditu zaigu badela garaia aurrerapauso bat egiteko, gure zein gure irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaileen onerako”.
Iban Arantzabal, TOKIKOMeko presidentea
“Estatu Batuetako multinazionalek kontrolatutako sare sozialak plaza publiko gisa aurkeztu zaizkigu urteetan, baina ez dira, eta gero eta lerratuago daude euren jabeen interesen alde, erabiltzaileen kaltetan bada ere. Oraindik jende asko erakartzen dute, eta beharbada haietan presente jarraitu beharko dugu denbora batez, baina, hedabide gisa, gero eta beharrezkoagoa iruditzen zaigu gure jarduera soziala gure kontrolpeko plataformen bidez egin ahal izatea, ildo editoriala geuk markatuta, eta ez Estatu Batuetako eskuin muturreko milioidun kapritxoso batek. Europara ere hedatu dituzte beraien eginahalak eta aurpegia aldatu barik esan dute ez dutela notizia faltsuak detektatzeko baliabiderik jarriko. Emakumeei etxetresna tratamendua ematea ez dute eragotziko, transak gauzatzat jotzea baimenduko dute... Eta gu gora begira? Ez gara gu izango kakatzar horren menpe jardungo dugunak, ezta gure informazioa hor dagoelako euskaldunak plataforma horietan ibiltzera gonbidatzen ditugunak ere.
Animatzen ditugu euskarazko edukien zaleak gure webgunetan, aplikazioetan zein Mastodonetik jarraitzera gure edukiak”.