Ikasle Abertzaleakek urriaren 27an Ikasle Greba deitzen dugu

Halabedi.eus

Hasi da ikasturte berria eta ikasleen estresa, urduritasuna eta frustrazioa usaintzen dira ikasgeletan. Honekin batera baina, hezkuntza erreforma berriek dakartzaten ezegonkortasun eta ezjakintasuna ere nabariak dira ikastetxeetako pasilloetan, hezkuntza prozesuaren gaineko erabakimen gaitasun eza ikus daitekeelarik ikasle zein hezkuntza komunitate osoaren baitan.

Egoera iluna bada ere, ikasturte berria indarrez eta borrokarako prest hasi dugu Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideok, egungo hezkuntza eta bertan, langile klaseko kideok bizi dugun egoera geroz eta kaskarragoa eta lazgarriagoa seinalatuz eta honen aurrean altxatuz. Horrela bada, Ikasle Abertzaleakek urriaren 27an Ikasle Greba deitu dugu, “Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!” lemapean. Bizi dugun krisi testuinguruan langile klasearen egoera geroz eta kaskarragoa da, familia askoren bizi baldintzak okertu eta ondorioz, ezegonkortasuna areagotu delarik; lan-baldintza kaxkarrak, soldata baxuak, oinarrizko produktuen prezioen gorakada etab. egungo gizartearen isla bihurtu dira. Honela, errealitate gordin honen baitan kokatu beharra dugu egungo hezkuntza sistema.

Hezkuntzak etorkizuneko lan mundura irteteko prestatzen gaituen heinean, aipatu berri dugun miseria egoera honetara egokitzeko prestatzen gaitu. Hezkuntza eraldatzen ari da, egungo ekoizpen eredu kapitalistaren beharretara moldatzeko, eta prozesu horretan, Ikasle Greba honen bitartez seinalatu nahi ditugun LOMLOE hezkuntza erreforma eta EAEko Hezkuntza Legeak hezkuntzaren eraldaketa prozesua formalizatzeko eta aurpegia garbitzeko funtzio nabarmena betetzen dute. Hezkuntza erreformak beraz, hezkuntzaren egoera erreala ezkutatu eta bikaintasunerako bide faltsu bat saltzen duten tresna moduan ulertu behar ditugu, eta ez hezkuntza gainbeheran dagoen testuinguru batean hau hobetzeko bidean aplikatzen diren baliabide moduan.

Aipatu moduan, egungo hezkuntzaren egoera gordina da, hala nola, hezkuntzaren kalitatearen beherakada eta ikas baldintzen okertzea nabarmenak dira. Honekin batera, egungo hezkuntza sistemaren errealitatea, honen heziketa prozesuaren desegitean, hezkuntzaren izaera baztertzailean eta hezkuntzak duen izaera inposatzailean kokatu beharra dugu. Heziketa prozesua desegiten ari dela diogunean, ikasleon heziketak eta formakuntzak garrantzia galdu eta ikastetxeetan diziplinamendu funtzioa gailendu dela esan nahi dugu. Jakintza bat metatu eta kritikarako gaitasuna garatu beharrean, lan munduan erabiliko ditugun konpetentzia zehatz batzuk barneratzeak hartu du garrantzia. Horrela, egungo eredu pedagogikoak ez du ezagutza erreala bultzatzen, memorizatzeko gaitasuna baizik. Bigarrenik, hezkuntzaren izaera baztertzailea izango genuke; langile klasearen pobretzeak ondorio zuzenak ditu hezkuntza prozesuaren baldintza materialetan. Ikasle baten hezkuntza prozesuari lotutako gastuak handiak dira, eta familia txiroenek berebiziko ahaleginak egin behar izaten dituzte, hala nola, hezkuntza publikoan 664 euroko bataz besteko ikasle baten gastuari aurre egiteko, edo/eta ikasle batek urtean hartzen dituen klase partikularren 700 euroko bataz besteko gastuari heltzeko. Egoera hau ulertzeko baina, hezkuntzako gastuen igoera inbertsio publikoen joera beherakor baten eta hezkuntza pribatuaren finantziazio gorakorraren testuinguruan kokatu behar dugu. Puntu honekin amaitzeko, hezkuntzan saltzen diguten meritokraziaren ideia agerian utzi beharra dugu, hala nola, hezkuntza sistemak tresna ezberdinak ditu filtro sozialerako, eta horrela, ikasleriaren posizio sozioekonomikoaren arabera aukera batzuk edo besteak eskaintzen zaizkio ikasleriari, hauen baitako sektore txiroenak baztertuz. Azkenik, hezkuntzaren izaera inposatzailea izango genuke, hezkuntzaren gaineko erabakimen gaitasuna gutxi batzuen esku kokatzen den ideian oinarritzen dena. Indarrean dauden erreformak zein laster aplikatuko duten EAEko Hezkuntza Legea, politikarien esku egondako prozesu eta erabakiak izan dira. Honek agerian uzten duelarik ikasleriaren eta hezkuntza komunitatearen erabakimen gaitasun eza eta gertatzen ari denaren gaineko informaziorako eskubidea etengabe ukatua zaiela. Hori gutxi izanik, ikastetxeak geroz eta enpresa izaera zurrunagoa hartzen ari dira, ikastetxearen antolaketa eredutik hasi eta egungo zuzendaritzen profesionalizazio eta erabakien dezentralizazioraino. Azkeneko honek, kontrol demokratikorik gabeko erabakiak hartzea ahalbidetzen duelarik.

Guzti hau kontuan hartuta, eta hezkuntzaren egungo errealitatea mahaigaineratuta, urriaren 27an hezkuntzaren gaineko ofentsiba kapitalista salatzeko hartuko ditugu kaleak. Argi eta garbi adieraziko dugu ematen ari diren aldaketa guztiak ez direla langile klasearen beharretakoak ezta ikas baldintzak hobetzeko eginak. Honekin batera, gure aurtengo erronka ere bada ikasleriak jada normalizatuak dituen hezkuntzaren "arazoak" edo/ eta jarrera/zigor autoritario zein kontrol mekanismoak desnormalizatu, eta hauek borrokatzea; finean, ikasleariarengan kontzientzia piztu eta hezkuntzaren problematikari aurre egiteko antolakuntza geroz eta garatuago bat lortzea. Honen bitartez, egungo hezkuntza sistemaren gaineko kontzientzia lortu, eta bestelako hezkuntza eredu baten beharra aldarrikatzea dugu helburu,  hezkuntza sistema sozialistaren beharra alegia. Doakoa eta kalitatezkoa izango den hezkuntza unibertsala, pertsonalitatearen garapen askea bultzatuko duena, ikasle kritikoagoak sortuz eta ikasgelan gaitasun eta interes ezberdinak bultzatuz, hauek intelektualki, moralki, teknikoki prestatuz ongizate unibertsala erdigunean edukiko duen gizarte eredurako. Jakin badakigu baina, honakoa ez dela egun batetik bestera lortuko dugun hezkuntza eredua, horregatik gaurdanik hasi behar gara horretan lanean. Egungo hezkuntzaren egoera kaskarra ikusita, ikasleok antolatu eta kaleak hartu behar ditugu, langile klasearen interesetara egongo den hezkuntza sistema sozialista gaurdanik eraikitzen hasteko.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!