Katajineta (Genetta genetta)

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ormazabal 2021ko api. 8a, 15:02

Bada gure basoetan, animalia bat ikusezintasun kapa bat gainean daramala dirudiena. Ikusteko batere erraza izan arren, baserritarrak maldizioka uzten ohi ditu beren oilasko preziatuak hiltzen dituelakoan, hori baita uzten duen arrasto bakarra. Fama oso txarreko animaliak badaki gordetzen ordea, eta gizadiaren atzaparretatik ihes egiteko gai da sarritan.

Euskal Herriko basoetan mamu gisa mugitzen doan ugaztun txiki hori da katajineta. Bere antza eduki dezaketen, lepazuri, lepahori, erbinude edota ipurtatsek ez bezala, katajinetek patroiez beteriko gorputz bat dute. Gorputzean eta hanketan puntu beltzak izaten ditu josiak bere larruazal grisaxkan. Hurrena, isats luze eta lodi bat ageri du eta hori banda beltz eta grisez tartekatua ageri zaio. Aurpegiari dagokionez, azeri itxurako aurpegia dute katajinetek, belarri eta begi handi batzuekin apainduak. Horrez gain, muturrean hainbat bibote luze eta bi banda beltz izan ohi dituzte, zeinak kokotz eta eztarriko ilaje zuriarekin kontrastatzen duten. Ikusi orduko, benetan nahastezina da katajineta. Ikusteko gai bazara noski; eta ez da lan erraza horrelako harrapakari bat ikusi ahal izatea, beren izaera eta portaera xume eta gautarra kontuan harturik. Are gehiago, aurretik aipatutako begi handi, belarri handi eta bibote luze horiek gau ilunetan basoan barrena nabigazioa erraztu eta harrapakinak eta harrapakariak identifikatu ahal izateko erabiltzen ditu. Ikusmen, usaimen eta entzumen zorrotzen bidez, itzalez eta iluntasunez beteriko oihanak menderatzen ditu harrapakari honek. Eguneko orduetan, ordea, katajineta bere gordelekuan –artea bezalako zuhaitzen zuloak–, egon ohi da lo ederrean (Zuberogoitia et al., 2002).

Sarritan, pentsatu ohi izan da, aurretik aipatutako azkonarren edota erbinudeen talde berekoa (mustelidoak) dela katajineta, baina ez da horrela. Katajinetak biberridoen familiako espezie bat dira, txakurrekin baino, katuekin lotua dagoen taldea. Izan ere, Europa osoan dauden biberrido bakarrak katajinetak dira, eta, gehienak, Afrikan nahiz Asian bizi dira. Hala ere, katajineta bera ere, orain dela zenbait mila urtetara arte ez da Europako baso eta larretan bizi izan, nahiz eta gaur egun Iberiar penintsula, Frantzia eta Holandan ikuskatua izan den (Pesaresi & Ruedi, 2020). 

Ustea izan da, VIII. mendean musulmanek Iberiar penintsula konkistatu zutenean beraiekin ekarri zituztela katajinetak, eta hainbatek ihes eginda, Iberiar penintsulako klimara zein ekosistemetara ohitu zirela. Azken finean, herri musulman horiek katajinetak gaur egungo katuak bezala erabiltzen omen zituzten etxe inguruetako sagu, arratoi edota karraskariak jateko eta uxatzeko (Faure & Kitchener, 2009). Nahiz eta hipotesi horrek trakzio eta zentzu asko izan duen, azken ikerketek erakutsi dute litekeena dela katajinetak musulmanen inbasioa baina lehenago iritsi izana Iberiar penintsulara (Delibes et al., 2019; Gaubert et al., 2015). Ikerketa horien arabera katajinetak herri feniziar rekin edota kartagotarrekin izandako merkataritza bideak zirela eta iritsiko ziren lehen aldiz, VIII. mendea baino lehen. Hala ere, katajineten lehen populazio hori Andaluziako lurretara mugatuko zen eta herri musulmanen inbasioa izango zen harrapakari hauek Euskal Herrira ekarriko zituena. 

Aipatutako irteera gautar horietan, katajinetek tamaina eta forma ugariko harrapakinak ehizatu ohi ditu. Bere dietaren ia erdia basasaguak, arratoiak edota ur-arratoiak bezalako ugaztun txikiek osatzen dute Nafarroako eskualdean, adibidez, beste heren bat hegaztiek osatzen duten heinean (PalazÛn & Rafart, 2010). Arrainek, narrastiek eta anfibioek osatzen dute katajinetaren dieta, baita hainbat fruituk ere, batez ere udazkeneko eta neguko hiletan. Hala ere, katajineta ez da oihaneko errege eta Euskal Herriko basoetan ahalik eta isilen ibili behar du, arrano beltz edo hontz handien harrapakin bihur ez dadin (CAMPS, 2012). 

Hala ere, artikuluaren hasieran aipatu bezala, badago beste mehatxu bat katajinetentzat, eta hura gizakia da. Askotan, gure animaliak akabatu izana leporatzen zaie katajineta eta bestelako animalia basatiei. Hala ere, gehienetan askoz ere etxekoratuagoak dauden arratoiak izan ohi dira hegaztien herio. Oilaskoen jazartzaileak arratoiak direnean, hauek oilaskoak banan-banan hiltzen dituzte, burua eta lepoa janez, beraien hortz intzisiboen arrastoak utziaz (Zuberogoitia, 2015). Katajinetaren gisako harrapakariek, ordea, eraso batean ahalik eta oilasko gehien hiltzen saiatzen dira, gero banan-banan eramaten joateko. Errudun zein izan den ikertu gabe, zuzenean katajinetentzako tranpak jarri eta hauek hiltzerakoan, arratoien populazioak kontrolpean mantentzen dituzten harrapakariak desagerrarazten ditugu; aurretik aipatu bezala, katajinetak arratoi hiltzaile gupidagabeak baitira. Sarraskia handiagotzen ari da, beraz. Agian, harrapakari zuhur honi zuzenean errua bota beharrean, pixka bat erreparatu eta geure inguruko zuhaitzetako zuloetan, baserriko bizitzaren aliaturen bat ezkutatzen den ikertu beharko genuke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!