Arrano arrantzalea (Pandion haliaetus)

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ormazabal 2021ko mai. 6a, 11:38
Arrano arrantzalea. © Urdaibai Bird Center

Azken hamarkadetan zehar natura eta gure inguruarekiko dugun kontzientzia eta ardurak hazi besterik ez dira egin. Egunetik egunera, gizakion jarduerak naturan dituen ondorio kaltegarriei buruz berri gehiago jasotzen ditugu.

Baso naturalen galera, espezie ezberdinen murrizketa handiak, klima aldaketa, horiek guztiek, naturarekin dugun harremanean zer nolako papera jokatu nahi dugun pentsarazten digute. Esan liteke gizakiaren presentzia naturaren dibertsitate eta osasunerako oso kaltegarria izan daitekela. Hala ere, gizadiaren ekintza eta jarduera guztiek ez dute natura kaltetu eta bertako baliabideak xahutzen, eta horren erakusle da ale honetako protagonista: Arrano arrantzalea (Pandion haliaetus).

Arrano arrantzalea, arrano, gabirai, miru eta hegazti harrapakari gehiengoak biltzen dituen Accipitriformes ordeneko hegaztia da. Tamaina ertain-handiko harrapakaria da arrano hau, 180 zm-ko hegal zabalera duelarik eta burutik buztanera 60 zm neurtuz. Guztiz nahastezina den hegaztia da pausatua dagoenean: bere bular, sabel eta lepo zuriak, hegal pare beltzekin kontraste handia osatzen dute. Buru zuria ere, bizkarretik, dituen begi horietara doan banda beltzez “zikindua” izaten du. Harrapakinak heltzeko atzapar sendo eta handiak ditu arrano arrantzaleak, baita moko kurbatu eta gogorra ere. Behin hegaz ari dela, sabel zuria eta  puntu beltzez jositako hegal zuriak dira arrano honen ezaugarri nagusienak, hegalen kanpoaldeko lumak ere kolore beltzak dituelarik. Identifikazioan lagundu dezaken beste ezaugarri bat, atzapar tartean daraman harrapakina da noski. Arrano honek bere izena ia esklusiboki arrainak arrantzatu eta jaten dituelako eman zitzaion. Arrantzale jaioa da eta uretara abiada osoan botatzen da atzaparrak aurrera eramanez eta hegoak atzera botaz. Dauden gunearen arabera dieta alda dezakete, baina arrano hauek harrapatzen dituzten arrai ohikoenak  korrokoiak eta bremak dira (Clancy, 2005; Francour & Thibault, 1996; Galarza Ibarrondo, 2010). Urdaibaiko zingiretan platuxa, lupia eta muxar buztanbeltzak bezalako arraietaz ere elikatzen dira bertako adituen arabera.

Hala ere, XX. mendean hegazti harrapakari honen kopuruek beherakada bortitz bat jasan zuten, pestizidak, jazarpenak eta habitat galerak zirela eta (Silverio et al., 2018). Honen ondorioz, 80garren mendean Euskal Herrian ugaltzen zuten bikoterik ez zegoela kontsideratu zen. Hau da, ikusi zitezkeen arrano arrantzale bakarrak, Afrikatik Eskozia eta bestelako iparraldeko lurretara osatzen zuten migrazioan, gure lurretan atseden hartzen zuten indibiduoak ziren. Gizadiaren eskuak naturaren oreka apurtu zuen berriz ere . Hala ere, eta aurretik aipatu bezala gizadiaren eskuak naturaren bidearekin bat egin dezake, eta azken hamarkadan, Euskal Herriko kostalde bizkaitarrean horren lekuko izaten ari gara. 

2013garren urtean Urdaibai Bird Center-etik, arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuari hasiera eman zitzaion. Helburu honetarako, Urdaibaiko Biosfera Erreserbara Eskoziako 12 arrano arrantzale indibiduo ekarri ziren 5 urtetan zehar. Guzti hauek arrano gazteak ziren, oraindik hegan egiten ikasi ez zutenak eta ondorioz habitik atera ez zirenak. Arrano hauek migratzaileak izateaz gain, espezie filopatrikoak dira, hau da, jaio diren gunera itzultzen dira ugaltzera (arrak gehiagotan). Ezaugarri hauek ezagututa, proiektuaren kideen helburua, Urdaibaira mugitutako arrano txita hauek Urdaibaiko Biosfera beren jaiolekua izan zela sinestaraztea zen, hurrengo urteetan ugaltzera itzuli eta horrela Euskal Herrian jaiotako arrano arrantzaleen populazioa berreskuratu ahal izateko (Galarza & Zuberogoitia, 2012).

Azken urteetan zehar esfortzu horiek beren saria lortu dute, eta 2013-tik 2017-ra arte 7 indibiduo itzuli ziren Kantauriar kostara, horietako 5 Urdaibaiko Erreserbara eta beste bat Txingudiko hezeguneetara. Zazpi indibiduo horien artean ordea bada arrano bat behin eta berriro Urdaibaiko hezeguneak etxetzat hartu dituena: N3 eraztuna daraman eta “Roy” bezala izendatutako arrano arrantzale ar bat. Urteetan zehar Urdaibai-n atseden hartzen zuten eme ezberdinei janaria emanez eta bere habia apainduz ugaltzen saiatu da, arrakasta gehiegi eduki gabe. Aurreko urtean ordea, Frantzian jaiotako eta “Landa” izeneko eme batekin ikusi zitzaion hegaz eta arrantzan. Ez ziren ugaltzera iritsi Landa eme oso gazte bat zela bait zirudien, baina Urdaibaiko langileen esperantza zen aurten gauzak aldatzea.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 576. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!