Igaraba (Lutra lutra)

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ormazabal 2021ko eka. 2a, 10:21

Aurreko aleetan ikusi izan dugun bezala, Euskal Herriko eta Gipuzkoako baso eta mendietan ezezagunak egiten zaizkigun animaliak egon daitezke. Hala ere, Euskal Herriak eremu zabalegia izan ez arren, animalia hauek ikuskatzeko toki guztietara joan ahal izatea ez da beti posible. Horregatik, honako ale honetan, azken urteetan zehar gure gertuko inguruneetara hedatzen ari den animalia batez hitz egingo dugu. Nahiz eta orain dela hamarkada batzuk bere hedadura Araba eta inguruko ibai eta erreketara soilik mugatua egon (de Luzuriaga et al., 2008), badirudi Gipuzkoa eta Bizkaiko lurrak berreskuratzen hasi dela animalia hau ibaien garbitasunaren eta kalitatearen hobekuntzarekin batera. Aipatzen ari garen animalia hau noski, igaraba (Lutra lutra) da. 

Igaraba, aurreko asteetan ikusi genuen katajineta ez bezala, mustelidoen familiako ugaztun karniboroa (Carnivora ordenekoa) da. Mustelidoen familiak, Euskal Herrian nahiko arruntak diren, erbinude, lepazuri, lepahori edota azkonarrak biltzen ditu, eta igaraba, horien artean dagoen handienetakoa da. Izan ere, animalia hauek burutik hasita isats amaierara arte neurtuta metro bateko luzerara iritsi daitezke. Tamaina hau, beren ingurunera moldatu ahal izateko garatu dituzten adaptazioen ondorioa da. Erreka eta ibaietan igerian denbora asko pasatzen duten animaliak izanik, animalia hauek gorputz forma hidrodinamiko bat garatu dute, gorputz luzanga eta hanka motzekin uraren erresistentzia ahalik eta gehien saihesteko. Aldi berean, beraien isats luze eta sendoa, uretan aurki daitezkeen harrapakin ezberdinen atzetik abiadura handian igeri egin eta hauek harrapatzeko baliabide ikaragarria da. Horrez gain, hanka motz horietako atzaparrei begiratuko ezkero ikusiko genuke, beste mustelidoek ez bezala behatzen artean azala dutela. Igerilekuan erabiltzen diren eskuetako “palen” antzera, behatzeko arteko azal interdigital honek urari bultza egitean, sortutako indarra handituko du eta ondorioz, harrapakinak harrapatzeko beharrezkoak izango diren bat-bateko bira horiek erraztu.

Mustelido honek, iberiar penintsula osoan zehar banaturik egonda, beren inguruneak eskaintzen dituen baliabideen arabera moldatu ohi dute beraien dieta. Hala ere, ikerketa gehiengoek beraien elikadura arrainetan oinarritzen dela erakusten dute (PalazÛn et al., 2008), batez ere udazken eta neguko hilabeteetan. Udaberria eta udako aroetan beraien elikadura iturri handiena arrainak izanda ere, badirudi harrapakari hauek beraien dieta dibertsifikatzen dutela eta saguak, igelak, sugeak edota bestelako animalia txikiez elikatzen direla (Melero et al., 2008; Serdio et al., 2002). Aurretik aipatu bezala ordea, gerta liteke arrai eskasia edota ingurumen ezberdina izateagatik dieta guztiz ezberdina edukitzea eta ibai karramarroak bezalako krustazeoek betetzea elikaduraren zati handi bat (Gallego & Rodriguez, 2015). 

Ibai eta erreketako arrain eta animalia txikien populazioak orekan mantentzeaz gain, ebidentzia ageri izan da kanpotik ekarritako espezie exotikoei aurre egiteko gai ere badirela igarabak. Duela hamarkada batzuetatik, gizadiaren eskua dela eta gure lurrak inbaditu dituen bisoi amerikarrak ez du igaraba batere gustuko. Igaraba populazio osasuntsuak dituzten ibaietan bisoi amerikarrak bertatik urruntzeko joera izaten du konpetentzia saihestu eta elikagai bila beste tokiren batera joatea behartuta (Bonesi et al., 2004; Bueno, 1996). Horrela bada, igarabaren presentziak espezie exotikoen aurkako erronkari aurre egiteko baliabide oso garrantzitsua izan daiteke. 

Gipuzkoa eta Bizkaian barrena igaraben behaketak geroz eta maiztasun handiagokoak izaten ari direla dirudi. Azken urtean Zumaian eta Bilboko Ibaizabal ibaiean ere ikusi izan dira ugaztun liluragarri hauek, bertako egunkarietako berri bihurtuz. Gure inguruan Leitzarango biotopoak eremu ezin hobea dirudi igaraba bezalako animalia batentzat, izan ere XX. mendean, Gipuzkoan azkenekoz behatutako igaraba bertan ikusi baitzen. Leitzaran ibaiean hainbat presa eraitsi izanak igarabaren itzulerarako abantaila bat ere izanik, badirudi orain arte osatutako pausuak jarraituz eta erreken garbitasuna seriotasunez hartuz gero, hemendik gutxira bizilagun iletsu berri bat izan dezakegula gure lurretan.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!