Antzandobiak (Lanius sp.:)

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ormazabal 2021ko ira. 17a, 00:00

Uda amaitu den arren, badirudi eguraldi ona eta Euskal Herriko inguruak (eta ondorioz fauna) ezagutzeko aukera hasi besterik ez dela egin. Gaurko honetan, gehienbat Euskal Herri hegoaldean ageri diren zuhaitz arantzadunak (elorri zuria eta beltza) bere abantailarako erabiltzen dituen hegazti bat ikusteko gai izango gara. Ale honetako protagonistak Antzandobiak dira. 

Antzandobiak (Lanius sp.) paseriformeen ordeneko hegaztiak dira. Paseriformeak, euskara arruntean “txori” gisa ezagutzen diren hegaztiak dira, eta kantu egiteko gai diren hegaztietara mugatuak daude. Nahiz eta txoriengan pentsatzean txolarre, txantxangorri edota karnaba bezalako txori txikiez gogoratu antzandobiak tamaina handiagoko eta gorpuzkera sendogoko hegaztiak dira. Euskal lurretan hiru antzandobi espezie dauden arren, hirurak nahiko antzekoak dira tamainan, portaeran eta elikaduran. Aldi berean, beraien arteko ezberdintasunak nahiko argiak dira eta hiru espezie hauek ezberdintzea oso prozesu erreza da. Antzandobi arrunt (Lanius senator) eta antzandobi kaskagorria (Lanius collurio), espezie migratzaileak dira eta gure inguruan udan zehar bakarrik ikusi ohi dira, antzandobi handia (Lanius meridionalis) ordea urte osoan zehar bizi den heinean. Hiru espezieek isats luze eta beltz bat eta moko kurbatu bat dute. Ezberdintzeko orduan izenak nahiko lagungarriak dira eta antzandobi handia, zozoaren tamaina antzekoa izan ohi duena, beste bi espezieak baino handiagoa da, sabel zuri, bizkar gris eta begietan antifaz beltz bat ageri du. Kaskagorriak, buru eta lepo gorria ageri du, antifaz beltz berdinarekin, sabel zuria eta bizkar beltza. Amaitzeko, antzandobi arruntak bizkarra izango du gorrixka, sabel zuria eta buru grisa, nola ez, antifaz beltz eder batekin apaindua. Horrela bada, ezaugarri horren argiekin, antzandobiak identifikatzea lan erraza da natura gustatzen zaigunontzat, nahiz eta hiru espezieen populazioek beherakada gogorra jasan izan duten azken urteotan (Gainzarain, 2015; TellerÌa, 2018). 

Dietari dagokionez, hegaztiok ez dira txoritxo arruntak. Harrapakari gupidagabeak dira eta ondoren ikusiko dugu zergatik eskualde batzuetan “Txorigaizto” gisa ezagutzen diren. Antzandobiak ehiztari jaioak dira eta matxinsalto, kilker, tximeleta, erle, sugandila, igel, sagu, satitsu eta hainbat txori espezie harrapatzeko gai dira (Hernandez et al., 1993; Hernandez, 1995; Karlsson, 2004). Europako iparraldegoko populazioak aztertuta, ikusi da txori hauek intsektuen abundantziak behera egitean hasten direla beste elikadura iturriei begira, baina intsektuak dauden heinean beraien dietaren oinarri handiena dira hauek. Horrela, Euskal Herri hegoaldeko lurralde epeletan, intsektuen presentzia handia egonda hauetaz elikatzen dira gehienbat antzandobiak, nahiz eta hotza eta euria egitean (eta ondorioz intsektuen kopurua murriztean) dietaz aldatu ohi duten (Tryjanowski et al., 2003). Hiru espezieen artean, tamaina handiko Antzandobi handiak ornodun gehiagoz elikatuko da orokorrean (Hernandez et al., 1993), espezie arrunt (Karlsson, 2004) eta kaskagorrien (Tryjanowski et al., 2003) intsektuekiko dependentzia handiagoa den heinean. 

Edonola ere, ez da ehizatzen dituen espezie dibertsitatea hegazti hauek bereizten dituen ezaugarria, baizik eta bere harrapakinekiko duten joera. Behin sagu, sugandila edota intsekturen bat harrapatu dutenean, antzandobiek inguruko zuhaitz arantzadun batetara edo gizakien hesietako txarrantxetara gerturatzen dira eta harrapakinak arantzetan esekitzen dituzte (Hernandez & Salgado, 1993). Portaera bitxi honek hainbat funtzio interesgarri betetzen ditu. Negua amaitzen ari denean, antzandobi arrek esekitzen dituzten harrapakinen kopuruak gora egiten du eta bizirauteko beharrezkoa baino harrapakin gehiago esekitzen dituzte beraien lurraldeen mugetan, gune ikusgarrietan batez ere (Antczak et al., 2005). Honek, inguruko antzandobi etsaiei ikustarazten die bertako arraren lurraldearen muga zeintzuk diren (Antczak et al., 2005; Keynan & Yosef, 2010). Aldi berean, bikote bila dabiltzan emeak liluratzeko estrategia da, emeek, esekitako harrapakin asko dituen lurralde batera iristean, bertako arra bizirauteko eta bere kumeak aurrera ateratzeko gai dela ziurtatuko baitio. Horrela; harrapakin gehien dituzten arrek ugal arrakasta handiagoa izaten dute (Yosef & Pinshow, 1989, 2005). Behin bikotea lortuta, harrapakinen esekitzeak janari erreserba funtzioa betetzen du, harrapakinak toki ezkutuagoetan eta habitik gertuago esekitzen dira, lurraldeen mugetan beharrean (Antczak et al., 2005). Horrela, jaioko diren kumeak eta beraiek elikatu ahal izateko ahalik eta harrapakin gehien esekiko dituzte bi gurasoek, nahiz eta hasieran emeak arrautzak inkubatzen denbora gehiago pasa (Antczak et al., 2005; Keynan & Yosef, 2010)..

Irudiak gogorrak izan arren eta portaera hau krudela iruditu arren, naturak ez du gaizkiaz edota ongiaz ulertzen. Natura horrela da: presio selektiboek bultzatutako eboluzioan, biziraupena ziurtatu edota errazagoa egiten zuten portaera eta ehiza teknikak izan dira aukeratuak gaur egun bizirik dauden espezie guztietan, eta antzandobia ez da salbuespena. Ez dago gaizki behin edo behin naturaren alderdi iluna ikustea, gogorarazteko natura, bizitza bezala, liluragarria bezain gogorra izan daitekeela. 

 

________________

Bibliografia:

  • Antczak, M., Hromada, M., & Tryjanowski, P. (2005). Spatio-temporal changes in Great Grey Shrike Lanius excubitor impaling behaviour: From food caching to communication signs. Ardea.
  • Hernández, A. (1995). Depredación sobre anfibios, reptiles y aves por tres especies de alcaudones Lanius spp. en el noroeste de la Península Ibérica. Ecología9, 409-415.
  •  Hernández, A. & Salgado, JM. (1993). Almacenamiento de presas por el Alcaudón real (Lanius excubitor) en la Serena (Badajoz) y la Sierra de Cabo de Gata (Almería).Butlletí Del Grup Català d’Anellament.Hernández, Á. (1993). Dieta de los pollos de tres especies simpátricas de alcaudones Lanius spp.: variaciones con la edad, estacionales e interespecíficas. Doñana Acta Vertebrata20, 145-163.
  • Hernández, A., Purroy, F. J., & Salgado, J. M. (1993). Variación estacional, solapamiento interespecífico y selección en la dieta de tres especies simpátricas de alcaudones Lanius spp. Ardeola40(2), 143-154.
  • Gainzarain, J. A. (2015). Las aves de distribución mediterránea en el País Vasco: abundancia y tendencia poblacional en el sur de Álava. Munibe Ciencias Naturales. https://doi.org/10.21630/mcn.2015.63.01
  • Karlsson, S. (2004). Season-dependent diet composition and habitat use of Red-backed Shrikes Lanius collurio in SW Finland. Ornis Fennica.
  • Keynan, O., & Yosef, R. (2010). Temporal changes and sexual differences of impaling behavior in Southern Grey Shrike (Lanius meridionalis). Behavioural Processes. https://doi.org/10.1016/j.beproc.2010.06.005
  • Tellería, J. L. (2018). Old Counts Suggest the Collapse of Two Red-Backed Shrike Lanius collurio Populations. In Ardeola. https://doi.org/10.13157/arla.65.2.2018.sc1
  • Tryjanowski, P., Karg, M. K., & Karg, J. (2003). Diet composition and prey choice by the red-backed shrike Lanius collurio in western Poland. Belgian Journal of Zoology.
  • Yosef, R., & Pinshow, B. (1989). Cache Size in Shrikes Influences Female Mate Choice and Reproductive Success. The Auk: Ornithological Advances. https://doi.org/10.1093/auk/106.3.418
  • Yosef, R., & Pinshow, B. (2005). Impaling in true shrikes (Laniidae): A behavioral and ontogenetic perspective. Behavioural Processes. https://doi.org/10.1016/j.beproc.2005.02.023
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!