Zata (Caprimulgus europaeus)

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ormazabal 2021ko urr. 15a, 00:00

Gure inguruan eta mundu osoan dauden bizidun guztiek badute beste guztiekin partekatzen duten ezaugarri nagusi bat. Beren portaera, ezaugarri anatomiko eta neurologikoak (presio ebolutiboei esker) hamaika urteren poderioz sortutako adaptazioak dira. 

.

 Prozesu honetan, mutazio eta bestelako prozesu genetikoei esker, espezie bateko populazioan ezaugarri eta portaera dibertsoak dituzten norbanakoak jaiotzen dira. Hala, ugal-arrakasta handiena sorraraziko duten ezaugarri eta portaera horiek izango dira biziraungo dutenak. Zakurren usaintzeko gaitasun handia, arranoen ikusmen zorrotza edota gizakion garun handia: guztiak eboluzioaren batutapean garatu diren ezaugarriak izan dira. Horrela, animalia baten ezaugarriei eta portaerei begira, antzina bere arbasoek jasan zituzten presio ebolutiboak ulertzeko gai izan gaitezke. Animalia batzuetan, ordea, besteetan baino argiago ikusten da hautespen naturalaren arrastoa. Gaurko animalian ezaugarri horiek argi ikus daitezke. Honako animalia hau Zata (Caprimulgus europaeus) da. 

Caprimulgidae familiako tamaina ertaineko hegazti migratzailea da zata. Euskal lurretara eta Europara txitak edukitzera bakarrik bidaiatu ohi dute udako hilabeteetan, negua Afrikako lurraldeetan pasa ohi duten heinean. Horregatik, eta bere izaera gautarra eta kamuflatzeko duen gaitasuna dela eta, nahiko hegazti ezezaguna da gehiengoarentzat. Gorputz luzanga eta hegal zabaleko hegazti honetan, gorputz osoan duen kolore marroixkak bere inguruarekin guztiz kamuflatu eta ia ikusezin bihurtzen du. Ehiztariek jantzi ohi dituzten kamuflai arropen antzera, gorputzeko kolore eta patroiek sastraketako hosto marroien, lurraren eta adarren koloreak kopiatzen dituzte. Horrela, egun argitan, atseden hartzen dabilen bitartean, harrapakariengandik ezkutatua egoten da inguruko adar baxuren batean edota lurrean jartzean. Izan ere, zatak ez ditu bere bizilekutzat zuhaitz altuko basoak edota edo zuhaitzik gabeko zelaiak aukeratzen. Gehienbat sastrakadiko eta zuhaitz txikiko guneak aukeratzen ditu, elikatu eta atseden hartzeko, zuhaitzen eta belardien nahasketa ideala aurkitu nahian (Alexander & Cresswell, 1990; Sierro et al., 2001; Zuberogoitia, Laso, et al., 2020; Zuberogoitia, Martínez, et al., 2020). Horrela, nahiz eta batzuetan sinesgaitza iruditu, zataren populazioa Euskal Herrian egoera osasuntsuan dago, osatutako hainbat ikerketen arabera (Zuberogoitia, Laso, et al., 2020; Zuberogoitia, MartÌnez, et al., 2020). 

Aurretik aipatutako kolorazioaz gain, zatak baditu eboluzioaren prozesuaren bidez moldatutako beste hainbat ezaugarri. Hegazti gautarra izanik, eta gauean hegan egitera behartuta egonik, beren arbasoetatik hainbat ezaugarri konkretu zituzten indibiduoek abantaila izango lukete besteekiko. Horrela, pixkanaka eta belaunaldiz belaunaldi gaur egun ageri dituzten begi pare handiak garatu zituzten, adibidez. Begien tamainaz gain, katuek ere begietan duten tapetum lucidum izeneko ehuna dute zatek. Hori begien atzealdean egoten da eta begietan sartzen den argia berriz ere begiko fotorrezeptoreetara islatzen du, ispilu bat balitz bezala. Horrek, argi gutxiko inguruneetan ikusi ahal izateko gaitasuna handiagotzen die. Ikusmen zorrotzak, hala ere, ezin du argia islatu argirik ez badago, eta, beraz, zatak tapetum lucidum-a bezalako adaptazioaz gain, portaera espezifikoak ditu txori gautar gisa bizirauteko. Hegazti hauek beraien ehiza aktibitatea handiagotzen dute ilbetea denean, eta ondorioz, ilargiak argi gehiago islatzen duenean lurrerantz. Aldi berean, migrazio sasoia iristean hegazti hauek argi gehieneko egunak aprobetxatzen dituzte elikatu eta janari erreserbak handiagotzeko, eta behin ilbehera-fasea iristean, migratzen jarraitzen dute hurrengo ilgora fasea iritsi arte (Norevik et al., 2019). Azkenik, arrautzak data zehatz batean jartzen dituzte, txitak ilgora hasieran jaio daitezen, eta, horrela, gurasoek ehizatzeko eta elikagai gehiago ekartzeko aukera eduki dezaten (Mills, 1986; Perrins & Crick, 1996).

Zertaz elikatzen da zata, ordea? Ikerketen arabera, intsektuak soilik jaten ditu. Horien artean, ia esklusiboki sitsak ditu gustuko (Mitchel et al., 2021, Sierro et al., 2001). Horretarako ere, egokitzapenez josia dago, hala nola, aspiragailu bat bezain beste irekitzen den aho zabala du, baita horren alboan bibote luzeak eduki ere. Horiek, ukimen bidez, harrapakinak detektatzea baimentzen diote. 

Horrela bada, hemen ikus daiteke gaueko bizitzara guztiz prestatua egon ahal izateko animalia hauek garatu dituzten organoak eta portaerak. Aurretik aipatu bezala, denbora luzez eta belaunaldiz belaunaldi eragina izan duten presio ebolutiboei esker sortu dira egokitzapenak. Gizadiaren bat-bateko agerpenarekin kutsadura luminiko bortitza jasan dute Euskal Herriko lurraldeek eta eboluzioak ez du horren denbora tarte motzetan lan egiten. Ikusteko dago ea hiri eta herrien argi artifizialek nolabaiteko eragina duten hegazti hauen elikaduran edota migrazio portaeran. Bien bitartean, gaueko ehiztari fin izaten jarraituko dute zatek, oraingoz.  

Bibliografia:

Alexander, I., & Cresswell, B. (1990). Foraging by Nightjars Caprimulgus europaeus away from their nesting areas. Ibis. https://doi.org/10.1111/j.1474-919X.1990.tb00280.x

Mills, A. M. (1986). The Influence of Moonlight on the Behavior of Goatsuckers (Caprimulgidae). The Auk. https://doi.org/10.1093/auk/103.2.370

Mitchell, L. J., Horsburgh, G. J., Dawson, D. A., Maher, K. H., & Arnold, K. E. (2021) Metabarcoding reveals selective dietary responses to environmental availability in the diet of a nocturnal, aerial insectivore, the European Nightjar. Ibis.

Norevik, G., Åkesson, S., Andersson, A., Bäckman, J., & Hedenström, A. (2019). The lunar cycle drives migration of a nocturnal bird. PLoS Biology. https://doi.org/10.1371/journal.pbio.3000456

Perrins, C. M., & Crick, H. Q. P. (1996). Influence of lunar cycle on laying dates of European Nightjars (Caprimulgus europaeus). Auk. https://doi.org/10.2307/4089001

Sierro, A., Arlettaz, R., Naef-Daenzer, B., Strebel, S., & Zbinden, N. (2001). Habitat use and foraging ecology of the nightjar (Caprimulgus europaeus) in the Swiss Alps: Towards a conservation scheme. Biological Conservation. https://doi.org/10.1016/S0006-3207(00)00175-0

Zuberogoitia, I., Laso, M., Egunez, A., Azkona, A., de Juan, S., González de Buitrago, C., Belamendia, G., de siria Apaolaza, R., Gracianteparaluceta, A., Aguirre, I., Fuente, N., Gómez, J., López, E., López de Armentia, A., López de Luzuriaga, J., Malo, D., Manzano, J., Martínez, I., Ocariz, J. I., … Webster, B. (2020). Censo de aves nocturnas de Euskadi, 2018. Munibe Ciencias Naturales. https://doi.org/10.21630/mcn.2020.68.03

Zuberogoitia, I., Martínez, J. E., González-Oreja, J. A., de Buitrago, C. G., Belamendia, G., Zabala, J., Laso, M., Pagaldai, N., & Jiménez-Franco, M. V. (2020). Maximizing detection probability for effective large-scale nocturnal bird monitoring. Diversity and Distributions. https://doi.org/10.1111/ddi.13075

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!