Arrano beltza (Aquila chrysaetos)

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ormazabal 2021ko aza. 19a, 15:08

Mendeetan zehar sortu eta desagertu diren zibilizazio ezberdinek erlazio garrantzitsua izan dute beraien inguruan zeuden animaliekin. Esaterako, Egiptoko eta lurralde eskandinaboetako gizarte ezberdinek beraien inguruan bizi ziren animaliak jainkotzat hartzen zituzten, eta honako hauek goraipatu. 

Mundu osoan zehar gizarte horien hirien inguruan bizi ziren animaliak bertako sinbolo eta armarri bihurtu dira, indarra, kemena, ugalkortasuna edota emankortasuna bezalako baloreak isladatu nahian. Bada, ordea, gizarte askok beren sinbolo eta armarrietan partekatzen duten animalia bat. Antzinako Grezia eta Erromatik, gaur egungo Mexiko edo Alemaniako harmarritara iritsi da animalia hau, baita Nafar erreinu zaharreko sinbolo izatera ere. Animalia hau noski Arrano beltza da.

Zeruetako erregina bezala ere ezagutua, arrano beltza (Aquila chrysaetos) Accipitridae familiako hegazti handienetakoa da. Familia honetan, egunerokotasunean gehiago ikusten ditugun zapelatz, miru edota gabiraiak daude barneratuak. Hegazti honek kolore arrea du orokorrean; bai hego eta bai buztanak marroi kolore uniforme bat izan ohi dute, lepoaldean kolore arre horrek tonu argiagoak dituen heinean. Indibiduo gazteek ordea, orbain zuri handiak izaten dituzte hegapean eta isatsean, nahiz eta beraien bizitzaren bostgarren/seigarren urterako edo, orbain horiek jada desagertu egiten diren, luma helduei bidea eginez. Aldi berean, animalia hauek dimorfismo sexual sendoa ageri dute, hau da, arren eta emeen arteko ezberdintasun ageriak dituzte, zeinak bi sexuak ezberdintzatzea errazten duen. Nahiz eta, beste animalia batzuek ez bezala, arranoek kolorazio edota ornamentazio (adarrak, ilea etab.) bidez ez diren bereizten, tamaina ezberdintasun garrantzitsu bat existitzen da bi sexuen artean. Hegazti harrapakari gehienetan gertatu ohi den bezala arrano beltz emeak arrak baino handiagoak dira (Watson, 2010). Luzeran 66-102 zentimetro inguru neurtzen ditu, bere hego zabalera 1.8 eta 2.34 metroren inguruan dabilelarik. Aldi berean hegazti pisutsua da arrano beltza, arrek eta emeek 3.6 kg eta 5.1 kg pisatzen dituztelarik hurrenez hurren.

Hegazti hauek beren habiak giza presio gutxiko harkaitzetan eraiki ohi dituzte, non bi-hiru arrautz erruten dituzten. Harkaitzez gain, baso osasuntsu eta larreak nahasten dituen guneak ditu gogoko espezie honek, bere harrapakinak ugarien dauden lurraldeak baitira. Bestalde, ehiza, baso lanak edota inguruko harroketan osatzen den eskalada bezalako jarduerek inpaktu negatiboa izan ohi dute animalia hauengan (Lozano Valencia & Murua Alzola, 2020).
Behin txitak jaio direla, emeak hartzen du txiten eta habiaren zaintzaren lanaren gehiengoa, arra lurraldearen zainketaz eta ehizaz arduratzen den heinean. Hala ere, txitak handiagoak egin ahala eta janari beharrak beren independentzia mailarekin batera gora egin ahala, emeak ehizan gehiago hartzen du parte, bere tamaina handiagoarekin harrapakin handiagoak ekartzeko gai baita (Bassi et al., 2017; Collopy, 1984).

Indibiduo kopuruari dagokiola, nahiz eta badirudien oraindik espezie honek ehizaren jazarpena jasaten duela (Arizaga & Laso, 2015), populazioen dentsitateak erlatiboki altuak dira eta pixkanaka goraka doazela dirudi (Lozano Valencia & Murua Alzola, 2020). EAEn 17 bikote izan ziren identifikatuak 2008garren urtean, Nafar lurretan 51 bikote identifikatu ziren heinean (Del Moral, 2009). Hala ere, kontu handiz hartu beharreko zenbakiak dira hauek, jazarpena eta harrapakin falta faktore erabakigarriak baitira espezie honek euskal lurretan jarraitzeko (Fernandez, 1993).

Arrano beltzak dieta dibertsifikatzeko gaitasun handia du ordea. Hegazti honen dieta, tamaina handi eta erdiko ugaztun, hegazti eta narrastietara dago bideratua, hala nola, untxi, uso, eper, bele, dortoka edota orein eta basurde txikiak (Clouet et al., 2017). Bera baino txikiagoak diren beste hegazti harrapakariak ere ehizatu ohi ditu. Hainbat ikerketei begiratuta, ordea, ikus daiteke arrano beltza untxien ehizan espezializatzen dela inguruan nahikoa untxi badago. Europan eta Euskal Herrian bertan ere, geroz eta iparralderago joan, untxi-kopuruak behera egiten du, eta, ondorioz, bere dieta dibertsifikatzera behartuta daude arranoak. Hegoaldeko lurraldetan, ostera, beraien dieta ia untxiz bakarrik osatua dago (Bautista et al., 2016; Clouet et al., 2017; Fern·ndez & Purroy, 1990).

Azken lerro hauek erabili nahiko nituzke jakinarazteko nire azken artikulua izango dela gaurkoa eta Aiurri-ri eskerrak emateko emandako aukeragatik. Ezagutza finkatzeko modurik eraginkorrenetako bat idaztea da, ditugun pentsamenduak zehaztugabetasunaren behelainotik atera eta argiperatzen baititu. Ez dakigu gure ideiak zeinen ondo ditugun pentsatuak esaldi batean jartzen hasten garen arte.
Espero dut sail honen irakurleek gure inguruko basa bizitzarekiko perspektiba eta interes berri bat aurkitu izana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!