Horrela, oinarrizko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituen eraikin batean ikasten dute herriko gazte askok eta askok. Irisgarritasunik ez duen eraikina da, espazio zabal eta anitzik ez duena, isolamendu ahul eta elektrizitate sistema zaharkituak dituena, besteak beste. Hori gutxi ez, eta eraikinari arrakalak ere irekitzen ari zaizkio.
Hori guztia dela eta Urnietako EH Bildu udal taldeak behin eta berriro mahai gaineratu ditu Egape BHI ikastolarentzat eraikin berri bat egiteko eskaerak.
Egoera hau urte gehiegitan luzatu da eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko 2014-2018 eta 2019- 2023 Azpiegitura Planetan egon arren, hau Urnietako Udalaren lursaila eskaintzearen menpe dago.
Egoera irauli asmoz, azaroaren 2an, Urnietako EH Bilduko Ainara De Miguel bozeramailea eta EH Bilduko Ibai Iriarte legebiltzarkidea Egapeko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zuzendariekin bildu ziren. Horren ostean, Ibai Iriartek, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen bisita egiteko eskaera eta egoeraren gaineko galdera sortak erregistratu zituen gaiaren larritasuna mahai gaineratu asmoz.
Urnietako EH Bilduren ustez, honek urteetan mugitu ez dena mugitzea ekarri du, bat-batean Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak ikastetxera bisita egingo duela iragarri eta udalak orubea Hezkuntza Sailari eskaintzeko Ur Agentziak egitea falta zen txostena aste honetan bertan egin baitu.
EH Bilduk eraikin berri bat lehenbailehen egiteko lanean jarraituko du eta jakinarazi nahi du, gaur bertan Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, Legez Besteko Proposamen bat erroldatu duela lanak ahal bezain pronto hasi daitezen eskatzeko.
Horrela, aipatu Legez Bestekoan, Urnietako Udalari lursaila Hezkuntza Departamenduaren eskuetan uzteko lanak lehenbailehen egitea eskatzen dio. Hezkuntza Sailari, berriz, lurraren lagapen hitzarmena prestatu eta Udalarekin ahal bezain pronto sinatu eta eraikina egiteko proiektuaren erredakzioarekin hastea eskatu zaio.
Urnietako EH Bilduren ustez, pozgarria da behingoz urteetan geldirik egon den egoera aldatzeko mugimenduak ikustea. Hala ere, salatu nahi du urte gehiegi eman dituela gaiak geldi eta egoera honek aspaldian behar zuela konponduta.
Azkenik, eraikin berri bat egin artean, lanean jarraituko duela jakinarazi nahi du.