Baina kontrako bidea egiten du Udal Gobernuak. Bigarren alderdia gara, 5 zinegotzi ditugu, baina erabakiak gure bizkar hartzen dituzte. Lan taldeetatik kanpo uzten gaituzte, eta EAJ-PSE-EE-ek erabakiak hartu ondoren jakinarazten dizkigute. Hau da, herritarren zati handi bati entzungor eginda lan egiten dute.
Bi urte hauetan Urnietan dauden arazoak mahai gainean jarri ditugu eta, gure presioari esker, gauza asko konpondu dira. Landu ditugun gai batzuk dira honako hauek:
Zaborraren kudeaketa kaskarra herrigunean eta landagunean. Birziklatzearen aldeko kanpaina bat eskatu dugu. Horrez gainera, altzarien eta tamaina handiko hondakinak uzteko gune baten falta dago herrian.
- Zabaletako kamioien gatazka erdigunean jarri dugu: auzotarrei entzun diegu, haien mozioa babestu eta Batzar Nagusietara bideratu dugu. Haien borrokari eta hitzari oihartzuna eman diegu.
- Harrobitik Azkortera doan herri bidean gertatutakoa oso larria da. Aizkibel enpresak egindako bidearen aurka auzotarren sinadura bilketa jaso dugu. Bideak %30eko malda du, eta ez da erabilgarria edozein autorentzako, proiektu falta eta aurrekontu faltagatik, Gobernu-taldeak kudeaketa-planean zuen permutaren aurka azaldu ginen. Guk bi alternatiba jarri genituen mahai gainean konponbide bat bilatze aldera.
- Amiantoa kentzeko legea bete dadin presioa egin dugu, 2025eko aurrekontuetan sartzeko exekutatzeko. Herritarren osasunak ardura politikoa eskatzen du.
- Euskara ez da soinean emateko txapa bakarrik, euskara gure ondarea da eta aktibismo beharrean dago. Euskaldun egiten gaituena da eta, horregatik, hitz egiten dugun bitartean indartuko da.
- Mugikortasun-plana: gure planteamentua integrala izan da, eta ekarpenak egin ditugu. San Juan Plaza peatonalizatzea horrek San Juan kalean eta Urraka auzoan sortuko dituen eragozpenak kontuan izanik, proposatu dugu Arkabe kalea bi norabideetan ahalbidetzea eta aparkalekuak egiteko beharra.
- Babilonia gunea garatzeko ekarpenak egin ditugu: Zabaleta auzoarekin txertatzea, etxebizitzak paraleloki eginda, elkarren arteko lotura bide batekin, aparkalekuen beharra eta arnas gune berdea biribilgune berriaren ondoan. Baina ez dituzte kontuan izan: aparkalekuak kenduko dituzte Zabaletan eta, ondorioz, auzoan aparkatzeko zailtasunak izango dira.
- Batzar irekiak egin ditugu 4 hilabetean behin herritarrei entzuteko eta gure lanaren berri emateko. Uztailak 22an egingo dugu hurrengo batzarra.
- Etxebizitza eskubidea: Gure kezka azaldu dugu hasieratik. Etxebizitzaren egoeraren inguruko azterketa eskatu dugu (2024ko aurrekontuetan 2023ko abenduan), Urnieta gune tentsionatu izendatzeko. Gobernu taldeak ez zuen onartu, eta herritarrek sufritzen dituzte ondorioak; Babilonia eremuan 340 etxebizitza egingo dira, baina ez herriko gazteetan pentsatuz.
EH Bilduk egindako lanaren laburpen txiki bat besterik ez da. Udal Gobernuaren politiken ondorio zuzena dira arazo horiek: goitik behera gobernatzen dute, herritarren zati handi baten kezkei eta arazoei erreparatu gabe.