Hileta zibilentzat Udal arautegia

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Ugartemendia 2018ko mar. 24a, 01:00

Kosta egiten zaigu heriotza hizpide hartzea. Saihestu egiten dugu gaia, gustu oneko kontua izango ez balitz bezala, gurekin ez baletor bezala. Baina heriotza bizitzaren atal bat dela onartu beharko dugu; alferrik gabiltza bizkar emanez.

Duela hilabete batzuk, zenbait herritarrek, heriotzaz aritu ginen hizketan, eta hain zuzen ere, azken agurreko zeremonia publikoen gainean jardun genuen. Ingurura begira jarri, eta ohartzen ginen, gurean, hileta erlijiosoek (katolikoa, batik bat) nagusi izaten jarraitzen dutela oraindik, nahiz eta hildakoak edo bere familiakoak ondo ez konpondu erlijio horrekin edo eta erlijio hori zabaltzen duen instituzioarekin.

Urtetan atzera begira jarriz gero, ohartzen ginen gorpuak lurperatzetik erraustera bide luzea egin den bezala, ez duela antzeko eboluzioa bizitu azken agurrak. Eta horretan, Gipuzkoako herri bakan batzuetan zeremonia zibilak ahalbideratzeko azken aldian egin diren udal arautegiak etorri zitzaizkigun burura.

Egungo gizartea oso anitza da kulturaren, ideologiaren eta erlijio sineskeraren ikuspuntutik, eta Udala erakunde akonfesionala eta laikoa den aldetik –eta herritar guztion ordezkari den heinean– iruditzen zitzaigun dauzkan baliabideak jar zitzakeela herritarren eskura, hartara geure senitartekoi edo lagunei azken agurra erritual zibil eta duin baten bidez egiteko aukera izan genezan.

Proposamena Udal gobernuari luzatu genion, eta honek aintzat hartu zuen. Andoaingo ezaugarrietara egokitzeko testua atondu, eta beste alderdiekin adosten ibili ostean, Udal ordenantza bat osatu du. Joan den hileko udalbatzan onartu zen aipaturiko udal ordenantza, eta bertan zehaztuta geratzen dira hileta zibilak egiteko xehetasunak... Eskerrak eman nahi dizkiogu Andoaingo Udalari eta alderdi politikoei hileta zibilen gaian agertu duten prestutasun eta sentsibilitateagatik, eta gaia dagokion seriotasunez jorratu dutelako. Andoaindarrei ordenantzaren berri ematea beharko luke izan hurrengo urratsa. Eta hortik aurrera, norberak erabaki dezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!