Jakina, Xuhar Herri Plataformako kideok bat egin dugu aipaturiko ondorioekin eta guk ere gure hipotesi nagusitzat hartzen dugu, nahiz eta mediku informeek “begiko kalte eta zauriak poliziaren foam proiektilak eraginak direla” argi eta garbi dioten; uste dugu oso litekeena dela proiektil horiek eskopetatik, nolabait, “kasualitatez” irten eta “kasualitatez” horietako batek Xuharren begian amaitu izana. Bestetik, adierazi nahi dugu erabat zilegi eta proportzionatua iruditzen zaigula nerabez lepo zegoen Soldadu kalean Ertzaintza soldaduen pare sartzea. Nola jakin behar zuen esku-hartzea koordinatu zuen ertzainburuak eta esku artean eskopetak zituztenek, inor tirokatzeko asmorik gabe foam jaurtigai horiek “kasualitatez” hiru pertsona zauri zitzaketela?
Ironiak alde batera utzita, EAJk Tolosako auziaren inguruan harturiko jarrera lotsagarria dela adierazi nahi dugu eta Arantzazu Rojok asteazken iluntzean Amasa-Villabonako pleno aretoan esandako astakeriak publikoki salatu nahi ditugu.
Foam jaurtigaiak ez ziren “kasualitatez” parranda giroan zeuden gazteen buruetan erori, Arantzazu anderea. Ertzaintzak esku-hartze desproportzionatuan parranda giroan zeuden gazteak TIROKATU egin zituen. Pleno aretoan geunden herritarron, familiaren eta Xuharren beraren begia amorru malkoz busti zituzten egoera lokazteko erabili zenituen hitz higuingarriek. Gibela behar da gero.
Ardurak hartzeko unea da, argibideak ematekoa eta ez sinesgaitzak diren hipotesiak elikatu eta gaiari bizkarra ematekoa.
Bada garaia gauzak aldatzeko.