Xuhar bertan zegoen eta orduan segurtasun eta barne sailburu zen Erkorekak lehen egunetan Xuhar ere botilak botatzen ari zenaren errelato gezurtia inposatzen saiatu zen komunikabideetan. Gerora, irudietan argi ikusten da Xuhar ez zegoela inondik ere istiluetan parte hartzen eta distantzia batetara gertatzen ari zena ikusten besterik ez zela ari. Edonor izan gintezken Xuhar.
Lehenengo momentutik saiatu gara proportzionaltasuna ezbaian jarri eta bertan zeuden agenteak auzibidean jartzen. Agerikoa da festa giroan eta jendez lepo dagoen kale batetan segurtasun neurriak errespetatu gabe tiroka hastea ez dela proportzionaltasuna mantentzea baina, argi geratu zaigu beste behin, Ertzaintzaren jokabidea neurtu eta epaitu behar duten sailburu eta epaileek asmo argiak dituztela auzi hau beste askoren moduan artxibatu eta beste behin Ertzaintzari eta bere jokabide biolentoei inpunitate osoa eskeintzeko.
Arazo larria da herritarron segurtasuna bermatu behar duten horiek gure osasuna eta ongizatea arriskuan jarri soilik ez eta herritarrak larriki zauritzea. Xuhar ez da lehenengoa izan eta tamalez ezta azkena ere. Gogoan ditugu Rosa Zarra, Iñigo Cabacas, Remi Ayestaran eta beste asko, baita
Amaia Zabarte, Iker Arana eta Aritz Ibarra beste hainbaten artean. Duela bi urte ezin dela gehiago luzatu esan genuen eta tamalez, agerikoa da luzatzen ari dela. Polizia eredua ezbaian jarri eta Ertzaintzak biolentzia erabiltzeko duen inpunitatearekin amaitzeko unea da.
Horixe bera eskatzen diegu arduradun politikoei. Ertzaintza bera kontrolatzeko gaitasunik ez duen segurtasun sailari, biolentzia katea zuritzeaz utzi eta biktimekiko errespetua adieraztea eskatzen diogu egun sailburu den Bingen Zupiriari. Ertzaintzak ezin du modu anakronikoan herritarrak larriki zauritzen jarraitu. Kalte atzeraezinak utzi zizkion duela bi urte Ertzaintzak Xuharri eta egun oraindik oinazea sortzen jarraitzen dute zauri horiek Xuharrengan, zer esanik ez ikusmena erabat galdua duela eskuineko begitik.
Amaitzeko, eskerrrak eman nahi dizkizuegu bertaratutako guztiei, baita 2 urte hauetan lehen momentutik gugana gerturatu eta babesa eskeini diguzuenoi. Bidea ez da erraza izaten ari, baina zuen laguntzarekin samurragoa da. Lanean jarraituko dugu Xuhar eta gainontzeko zaurituek horren beharrezkoa duten aitortza eta erreparazioa jaso ditzaten, lanean jarraituko dugu auzibideak behar duen bidetik igaro arte, lanean jarraituko dugu biolentzia polizialarekin amaitu arte. Ezin da eta gehiago luzatu. Mila esker.