Etxean energia berriztagarriak jartzeko aukeraren inguruko ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2020ko aza. 18a, 10:25

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Zizurkilgo Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko ON-LINE tailerra antolatu du azaroak 20an, 18:00etan.

“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerraren helburua herritarrei energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea da. Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki eta aldaketa horiek teknologia horien ezarpena erraztu du, baita banakako etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan. Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek eta aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurretik  izena ematea beharrezkoa da, interesa dutenei aurretik saiorako sarbidea emateko. Izena emateko, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 943 11 29 48/628 53 23 03
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Internetera sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu behar saioa jarraitzeko.

Tailerrean sortzen diren galdera edo zalantzak txat bidez luzatu ahal izango dira eta erantzuna helbide elektronikoan jasoko dute azaroaren 23tik aurrera.

Saio honetara sartzeko hizkuntza aukeraren arabera bi esteka emango dira aukeran, tailerra euskaraz edo erdaraz jarraitzeko, norberak nahiago duenaren arabera.

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!