2021eko udal aurrekontuak, onartuta

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2021ko ots. 17a, 11:26

Joan zen asteazkeneko osoko bilkuran onartu zituzten 2021eko udal aurrekontuak, EHBildu eta PSOE-ren aldeko botuak, eta EAJ-PNV-ren abstentzioarekin.

2020a urte berezia izan zen eta udal aurrekontuetan ere izan zuen bere eragina, noski. Egitekoak ziren hainbat inbertsio alde batera utzi, eta pandemiak eragindako hainbat premiari erantzuna ematera bideratu ziren Udalaren ahaleginak. 2021a iritsi da, eta harekin batera baita aurrekontu berria martxan jartzeko garaia ere. Iker Urruzola alkateak azaldu duenez, “Covid aren inguruan sor daitezkeen gastuei aurre egiteko partida berezia sortu dugu baina horrez gain, gure herrian ikusten ditugun gainerako premiei ere erantzun behar diegu, noski. Hori horrela, aurten inbertsio txiki asko egitea aurreikusten dugu. Gure filosofiarekin bat dator hori; gauza txikiak eginez premia ezberdinei erantzuna eman nahi diegu”.

Otsailaren 10ean asteazkenarekin onartu zituzten udal aurrekontuak. Guztira 3,5 milioi euroko aurrekontua izango du Zizurkilgo Udalak 2021erako. Horietatik 485.000 euro inguru inbertsioetara bideratuko dira.

Inbertsioak

Alkateak azaldu duenez, “pandemiak gauza asko erakutsi dizkigu. Horien artean, herriko gune ezberdinak egokitzeko beharra azpimarratu digu. Atxulondo kultur etxeko bigarren solairuan aireztapen arazoak ditugu, eta leiho berriak jarriko dira, arazoari erantzuna emateko. Liburutegi alboan, bestalde, hutsik dagoen gela bat du Udalak, eta hura egokitzeko lanak egingo ditugu aurten, premia ezberdinak sortzen direnean erabili ahal izateko”, azaldu du Ikerrek. San Millan eskolako atarian estalpena jartzea ere aurreikusi dute aurrekontuetan: “Aspaldiko eskaera bat da eta irtenbidea eman nahi genioke aurten. Dirulaguntza bidez egingo genioke aurre gastu honi”, azpimarratu du alkateak. Pedro Mari Otaño ikastetxean berriz, teilatua konpontzea da aurtengo helburua. “Kasu honetan ere dirulaguntza jasotzea espero dugu. Teilatua egoera kaxkarrean dago eta premiazko lana da. Horrez gain, eguzki plakak jartzeko ere aprobetxatuko dira teilatuko lanak. Modu horretan, energetikoki burujabea litzateke eskola, eta aurrezpena ekarriko lioke Udalari. Energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi dugu, eta hauxe litzateke lehen pausoa”.

Irisgarritasuna

Irisgarritasuna hobetzeko pausoak ere emango ditu Udalak 2021ean. “Bulandegi bidean dugu erronkarik handiena. 2020an lan horiek martxan jartzea zen gure helburua, baina pandemiak geldiarazi egin zizkigun gure asmoak. Aurten makinak sartu eta Bulandegiko irisgarritasuna hobetzea da gure helburua. 135.000 euro aurreikusi ditugu horretarako”. Irisgarritasunari lotuta, lan txikiagoak ere aurreikusi ditu Udalak: “2020an zehar trafikoari lotuta ditugun premia eta gabezien inguruko txostena landu zuten herriko udaltzainek. Premia horiei erantzuna ematen hasiko gara 2021ean”, azaldu du Iker Urruzolak. Irisgarritasunari lotuta, Danena gaikaldeko aparkalekuko zorua txukuntzeko lanak egiteko partida ere jasotzen dute 2021eko aurrekontuek. Helburua, datorren urtean zehar asfaltatze lanak egin eta aparkalekua erabat berritua izatea da”.

Herritarrentzat

Herritik eta herritarrentzat jaiotako ekimen ezberdinak ere kontuan hartzen dituzte aurrekontuek: “Herribizigune elkartea garatzen ari den Haurren Basoa ekimenari erantzuna emateko, esaterako, partida bat aurreikusi dugu. Ez da diru asko, baina argi dugu diru gutxirekin gauza handiak egin daitezkela askotan. Horren beste adibide izan daiteke udal eraikinetan eta herriko zenbait txokotan piktogramak jartzearena. Behar bereziak dituztenei euren bizimodua xamurtu edo errazteko balio dezake keinu txiki horrek”.

Inbertsioen atalean aurreikusitako beste partida nagusi bat Plaza Etxeberriko azken ordainketa izango da. “100.000 euroko partida horrekin, erabat ordainduta geratuko da Plaza Etxeberri. Datozen urtetarako, beraz, diru gehiago izango dugu bestelako inbertsioak egin ahal izateko. Bide batez, azpimarratu egin nahi nuke Herribiziguneko kideak buru-belarri ari direla eraikinari eman beharreko erabileraren inguruko hausnarketan eta lanketan”.

Kontuak osasuntsu

Amaitzeko, Zizurkilgo Udalaren kontuak osasuntsu daudela azpimarratu nahi izan du Iker Urruzolak. “2011n EHBildu Udalera iritsi zenean, 3 milioi euro inguru zorra zegoen; garai hartan udal aurrekontuen %100, beraz. Gure aurreko lantaldeak lan ikaragarria egin zuen zorra jaisten joateko eta egun, egoera onean daude udalaren kontuak. Hori ikusita, aurten mailegu txiki bat eskatzea erabaki dugu. Zulo handirik egin gabe, baina gauzak egiten joan ahal izateko. Egun, zorpetze maila %20 inguruan dago, eta hori erabat sostengarria da”, azpimarratu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!