Gustura aritu da Irati Egibar Zizurkilgo kirolarien berri jasotzen: "Oso prozesu aberasgarria izan da. Edozein kirolari elkarrizketatzean, beste bi edo hiruren izenak ateratzen ziren. Kate modukoa osatu dugu guztion artean. Ikaragarrizko prestutasuna erakutsi dute nire galderak erantzuteko eta hori bereziki eskertu nahi nuke. Herriarentzat egindako lana izan da eta jendeak oso jarrera ona erakutsi du".
Hasieratik garbi izan zuen Iratik jendearen partaidetzarekin osatu nahi zuela lan hau: Horretarako, blog bat ireki nuen. "Nire aurkikuntzen berri ematen nuen bertan eta edonork gainera zezakeen informazio berria".
Genero ikuspegia; kirola, jolasa eta jokoaren arteko aldea..., arlo ezberdinak hartu ditu kontuan Iratik bere lana garatzeko garaian eta ezusteko polit bat baino gehiago izan du. "Teodoro Mujika herritarrak esandakoak ez nituen ezagutzen, esaterako. Herrian bolatokiak zeudela, edo borroka greko-romanoa ere egin izan zela... Nola pentsatuko nuen nik horrelakorik? Pilota, herri-kirolak... horrelakoak espero nituen, baina ezusteko polita izan da gure herrian kirol arloa ere hain anitza dela ikustea".