Konpostajearen inguruko informazio-puntua jarriko du Udalak ostiralean Joxe Arregi plazan

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2021ko mai. 27a, 10:18

Zizurkilgo Udalak konpostajearen aldeko apustua sendotuz, herritarrak beren hondakin organikoak konpostatzera animatu daitezen informazio puntua jarriko du ostiral honetan, maiatzaren 28an, Joxe Arregi plazan.

 
 

Hondakinetako bi teknikarik, 16:30 – 19:30 bitartean, nor bere etxean edo modu partekatuan etxeko biohondakinak modu egokian nola konpostatu azaltzeaz gain, hondakinen gaineko zalantzak argituko dituzte.

2020 urtean 170 familia aritu ziren etxeko edo auzoko konpostajean, 38.100 kilo hondakin organiko herrian bertan kudeatuz. Kopuru hau ohiko bilketa sistematik ateraz, hondakinen sorrera prebenitu, hondakinen bilketarako udal-gastua murriztu eta ingurumenari mesede egitea lortzen ari dira herritarrak.

Arrazoi horregatik, Udalak herritar oro gonbidatzen du informazio puntura hurbiltzera eta bere biohondakinak konpostatzeak dituen onuren berri ezagutzera, guztion artean Zizurkil zero zabor bidean jarraitzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!