Lurraldebusen zerbitzuak ez ditu herri txikietako beharrak asetzen

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2022ko mai. 25a, 11:57

Lurraldebuseko webgunean begiratuz gero, halaxe dio: “Lurraldebus Gipuzkoako lurralde osoa bere artean eta hiru euskal hiriburuekin lotzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren herriarteko autobus garraio zerbitzu publikoa da, gizarte kohesioari, lurralde orekari eta Gipuzkoako hiritarren mugikortasun jasangarriari laguntzeko helburua duena”. Helburu horietan, ordea, Lurraldebus motz geratzen dela irizten dio Zizurkilgo Udalak.

Zizurkilgo esperientziak hala esaten digu. Gure gazteak institutura joan ahal izateko autobus zerbitzua ukatu ziguten lehendabizi. Elbarrenatik pasatzen da institutorako autobusa eta ez du ibilbidea egokitzen herriguneko gazteei zerbitzu hori eskaini ahal izateko. Zerbitzu publikoetara modu erosoan iristea ezinbestekoa da eta momentu honetan, Lurraldebusek ez die hori bermatzen Zizurkilgo gazteei.

Bigarren ezezkoa iritsi zaigu azken asteotan. Herriguneko San Millan eskolako haurrek igeriketa kanpainan parte hartuko dute apirila amaieran hasi, eta hilabetez, arratsaldero. Joan-etorriak egiteko zerbitzua eskatu zaionean, ezezkoa erantzun du Lurraldebusek. Egoeraren aurrean, Udalak eman behar izan dio erantzuna egoerari, eta beregain hartuko du gurasoek kontratatutako autobus pribatuaren kostuaren zati bat, familia guztiek euren haurra igerilekura bidaltzeko aukera izan dezaten. Garraio zerbitzu publikoari zegokion beharrari erantzuna ematea, baina Udalak heldu behar izan dio gaiari. Eta hori ez da onargarria.

Autobus garraio zerbitzu publiko kalitatezkoa behar dugu, landa eremua kontuan hartuko duena, metropolietatik kanpo bizi diren herritarrei zerbitzu emango diena, auzoetako bizilagunei mugikortasuna bermatuko diena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!