Maiatza Saltsan egitarauan murgilduta gaude bete-betean, eta datozen egunetan ere jardueraz beteriko egitarau oparoa izango dugu herrian. Askotariko ekitaldiak antolatu dira, adin eta gustu guztietarako.
Gaur, maiatzaren 7an, asteazkena, konpost-ikastaroa eskainiko da Atxulondo kultur etxean, 18:00etan. Ingurumenarekiko kontzientzia sustatzea helburu duen saio honek konpostatzearen oinarriak eta praktika egokiak ezagutzeko aukera emango du.
Ostiralean, maiatzaren 9an, bi hitzordu nabarmen izango dira:
- Alde batetik, AZTIA antzerki musikatuaz gozatzeko aukera izango da, 19:30ean, Atxulondo kultur etxean. METROKUADROKA antzerki taldearen eta DON INORREZ musika taldearen arteko elkarlanetik sortutako ikuskizuna da. Musika eta antzerkia uztartzen dituen emanaldi eder hau ikusteko sarrerak udaletxeko bulegoetan eskuratu daitezke, 3 euroan.
👉 Proiektuaren inguruko azalpen bideoa ikusgai: AZTIA - EITB Kultura bideoa. - Bestetik, harrera herrikoia egingo zaie Zizurkilekin senidetutako Lladó herri katalanetik astebururako etorriko diren ordezkariei. Harrera Joxe Arregi plazan izango da, 20:30ean.
Larunbatean, maiatzaren 10ean, kirolak hartuko du protagonismoa:
- Euskadiko Halterofilia Txapelketa Nagusia jokatuko da Intxaur frontoian. Goizeko saioa: 10:00etatik 13:30era izango da eta arratsaldekoa 15:00etatik 20:00etara.
- Gainera, biatloia ere izango da 11:30ean, Pedro Mari Otaño plazan, ZEK elkartearen eskutik. 2 urtetik 12 urtera arteko haur eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute. Izen-ematea egunean bertan egingo da, 11:00etan.
Oharra: parte-hartzaileek beren bizikleta eta kaskoa eraman beharko dituzte.
Larunbatean bertan, Lladóko ordezkarien bisitaren harira, harrera instituzionala egingo da eta irteera antolatu da Ezkeltzura. Ondoren, herri-bazkaria izango da Zimiterioan.
Egitarau oparoa dugu aurretik: ez galdu aukera eta parte hartu Zizurkilgo kultur hilabetearen ospakizunean!