Maiatza Saltsan egitarauak aurrera jarraitzen du Zizurkilen, eta aste honetan Ugare auzoa izango da protagonista. Iraganaren eta orainaren arteko zubia eraikiko da bertan, argazki erakusketa, hitzaldiak eta festa giroa uztartuz.
Maiatzaren 14tik 18ra, Ugareren eraldaketa historikoa jasotzen duten argazki erakusketa egongo da ikusgai auzoan. Aukera paregabea izango da Ugareren bilakaera gertutik ezagutzeko.
Maiatzaren 14an, Hernandorena Kultur Elkarteak Ugare auzoaren eraldaketaren inguruko hitzaldia eskainiko du, Atxulondon, 19:00etan. Eta asteari amaiera borobila emateko, maiatzaren 18an, igandean, festa giroa izango da nagusi. Goizeko 11:00etan, argazki erakusketa gidatua egingo da, Loatzo eta Bukalaien emanaldiez lagunduta. Ondoren, zizka-mizka auzotar eta herritar guztientzat, musikaz alaitua!
Bestelako hainbat jarduera ere izango dira astean zehar:
- Maiatzaren 13an, Adimen Artifizialari buruzko hitzaldia eskainiko du Nahuel Peillatek Plazida Otaño liburutegian, 17:30ean.
- Maiatzaren 15ean, San Isidro eguna ospatuko da, eta egitarau zabala antolatu du Udalak baserritarren egunaz gozateko:
- 12:30ean, herri kirol erakustaldia Intxaur frontoian: Ainitze Zumeta eta Maddi Gesalaga harri-jasotzen eta Joseba Otaegi eta Eneko Saralegi aizkoran.
- Ondoren, bazkaria Iriarten, bertsolariekin girotuta.
- Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, gaztetxoen pilota partidak, Intxaur frontoian.
- Maiatzaren 17an, larunbatean, etxeko txikienek sormena eta jolasa uztartzeko aukera izango dute Lego tailerrarekin, liburutegian.