Gainean dira Larraulgo jaiak. Zer moduz doaz antolakuntza lanak?
Herritar asko ari da bileretan parte hartzen, batez ere gazteak. Indartsu eta gogoz sumatzen ditut eta eskertzekoa da hori. Aurtengo jaietan bi berrikuntza nagusi izango dira: Mozorro festa batetik eta gazteek eskainiko duten antzerkia bestetik. Antzerkia plazaratzea gazteen ideia izan da; jo eta ke dabiltza entseguetan aurreko alkate Aneli Urbietarekin batera. Duela bi urte, Larraulgo neska gazte batek 'Irria galdu zuen herria' ipuina idatzi zuen eta ipuin hori antzerkirako egokitu dute. Oso istorio polita da, Larraulen oinarritutakoa. Ikusteak mereziko duela uste dut eta herritarrentzat bereziki, polita izatea espero dut. Horretarako ari dira lanean.
Egitarau bete-betea osatu duzue...
Halako herri txikia izateko, ekitaldi asko antolatzen dela uste dut. Lehen urtea dut Larraulen eta pozik nago, herritarrek laguntza eta babes handia eskaintzen didatelako. Asko eskertzen dut hori.
Kultur ekintzak antolatzeaz gain, zein beste ardura duzu?
Besteak beste, liburutegia kudeatzea. Haur eta gaztetxoak etortzen dira batik bat, liburuak mailegatzera edo denbora tartea bertan igarotzera. Alaitasuna ekartzen dute. Liburu asko dugu, euskarazkoak batik bat.
Baina denetarik egiten dut. Udan, ludoteka eta udalekuak antolatzeaz arduratzen naiz, uztailaren 21eko Aiztondoko helduen bazkaria ere hemendik ari gara antolatzen. Ikasturte berrirako ikastaroetarako izen-ematea zabaldu dugu.
Ohikoez gain, Gabonei begira, sukaldaritza ikastaroa antolatuko dugu aurten. Baita garagardo artisaua egiteko ikastaroa ere. Besteak beste, udazkenean liburu aurkezpen bat ere izango dugu.
Zer moduzkoa izaten da erantzuna?
Kosta egiten da ekintzatara jendea erakartzea. Batzuek arrakasta beroa izaten dute, beste batzuek ez horrenbeste. Baina herritarrak proposamenak egitera gerturatzen zaizkit eta hori oso polita iruditzen zait. Modu horretan sortu zen, besteak beste, asteartero frantsesez hitz egiteko elkartzen den mintza-praktika taldea.