"Egurra da nire pasioa, baita nire ogibidea ere"

Ainhoa Gil 2019ko ira. 19a, 12:07

Karlos Irazu larrauldarrak hogei urte baino gehiago darama egurrarekin eskulturak eta beste hainbat pieza sortzen. Bere ibilbidearen inguruan aritu da Aiurri hamaboskarian. Elkarrizketa osoa irakurri nahi duenak, irailaren 20ko alean aurkituko du.

Ibilbide luzea duzu eskulturgile gisa. baina, nola hasi zinen egurra lantzen?

Hogei urtetik gora izango dira dagoeneko. Perun egin nuen boladatxo bat, eta itzuleran, Larraulgo Ostatuaren ardura hartu nuen. Hantxe, tartea nuenean, egurra lantzen ari-tzen nintzen, nire kasara. Menditik egur zatiak jaso, baita zuhaitzen zainak ere, eta haietan ikusten nituen forma ezberdinak garatzen eta ateratzen saiatzen nintzen. Oso nireak sentitzen ditut garai hartan egindako lanak, barne-barnetik egindakoak. Ostatuan nengoen urte haietan eginda-ko lanak ikusita, Gabiltza artisau elkartetik deitu zidaten, azoka batera joan nahi ote nuen galdetzeko, eta horrelaxe ekin nion bide honi. Egurrak berak erakusten zidan zer egin hasiera hartan: saguzarra, zakurra, golf jokalaria..., pieza bereziak egin nituen garai hartan. Orain, beste modu batera lantzen dut. Pieza bat pentsatu, en-borraren aurrean jarri, eta landu.

Nola ikasi zenuen lanbidea?

Arituz. Nire kasara ikasi nuen, eta oraindik ere ikasten ari naiz. Lan honetan, beste as-kotan bezala, horrelaxe ikas-ten da, ekin eta ekin. Froga ezberdinak eginez bilatu nuen nire bidea. Nire ustez ez da lan zaila, esku pixka bat behar da, baina ez du aparteko abileziarik eskatzen, denbora eta gogoa, hori bai. Motozerrarekin hasten ditut lanak, eta beste tresna batzuekin joaten naiz amaiera ematen. Erakustaldiak ere egin izan ditut motozerrarekin, jendaurrean.

Nolakoa da buruan duzun ideia hori egurrera eramateko prozesua?

Ideia pila bat dut buruan eta askotan aritzen naiz ideia horiek marrazki bidez paperera eramaten. Horrek ez du esan nahi paperean dudan guztia gero lantzen dudanik, ezta ideia guztiak paperera eramaten ditudanik ere. Enborraren aurrean jarri eta zuzenean hasten naiz lanean askotan. Nolanahi ere, asko gozatzen dut marrazketarekin eta orduak pasa ditzaket horretan. Erre-tratu asko egin dut azken hilabeteetan, esaterako. Ideiak ere milaka sortzen zaizkit. Etengabe aritzen naiz proiektu berriak sortzen, baina ezin izaten ditut denak gauzatu. Orain zerrautsa eta kola nahastuz zerbait egitea darabilt buruan, baina horretarako ere denbora behar... Gainera, egurra lantzea nire pasioa da, baina baita ogibidea ere, eta ofizio honetan, argi eduki beharra dago hori. Jendeari gustuko gauzak eskaini behar zaizkio. Alferrik da nire proiektu pertsonalak lantzen joatea, gero ezer salduko ez badut. Irudi ezberdinak lantzen dituzu egurra erabilita, kontaiguzu... Bai, denetarik egin izan dut. Emakume haurdunak, animaliak, onddoak... Boladaka joaten naizela esango nuke. Eskulturez gain, beste mota batzuetako lanak ere egiten ditut noski; armairuak, pertxeroak, mahaiak, giltzetakoak..., eta guztiei nire ukitua ematen saiatzen naiz, noski. Giza gorputz biluziak lantzen aritu naiz azken boladan. Ez zitzaidan batere erraza egin horretan hastea, erreparoa ematen zidan. Hasiz gero, ordea, gustura aritu naiz gizon eta emakumeen gorputzak lantzen.Horrekin lotuta, gorputz transexualak edo mistoak ere egin ditut: emakume bularra eta zakila dutenak. Donostiako azokan eduki nuen bat ikusgai, eta bitxia izan da sor-tu dituen erreakzioak ikustea. Erreakziorik naturalenak, betiko moduan, umeenak izan ziren. Bartzelonako azoka erotikora eramango dituzte gorputz transexual horietako bi.

Enkargupean ere egiten al duzu lan?

Bai, jasotzen ditut eskaerak. Azokatan ikusi nautenen eskaerak izaten dira batzuetan. Azokak oso egokiak izaten dira horretarako; zure lanaren berri zabaltzeko erakusleiho bikaina izaten dira. Oso zaila da azokan inork pieza handi bat edo altzari bat erostea, baina egiten duzuna ezaguarazteko modu bat da. Etxera etortzen dira gero, eskaerak egitera. Etxerako, dendetarako, tabernetarako..., denetariko eskaerak ditut. Zenbait eskaerekin erronka ere jartzen didate. Egiteko moduko gauzak direnean gustura aritzen naiz zailtasunei aurre egin eta eskatutako pieza egiten.

Azokaz azoka zabiltza orain...

Bai, uda aldean Donostian izaten naiz. Alderdi Ederren egon gara aurtengo udan. Bretxan artisautza azoka izaten da udazkenetik udaberrira eta han izaten naiz. Orain Bretxa erabat berritzen ari dira eta ez dakigu non jarriko gaituzten aurtengo denboraldian. Azokak oso erakusleiho ona dira, baina denbora asko eskaini behar zaie. Piezak prestatu, eraman, postua jarri, bertan egon... Ordu asko behar da horretarako ere. Neroni joaten naiz azokatara, nire lanak erakusgai jartzera. Han nagoen bitartean, ordea, ez naiz tailerrean ari. Kontuan hartu eta neurtu beharreko gauzak dira horiek guztiak.

Zer da azokatan gehien saltzen duzuna?

Pieza txikiak saltzen dira gehien. Apaingarritarako onddoek oso harrera ona izaten dute eta aurten, egurrezko bihotz pila bat saldu dut. Harrituta nago izan duten arrakastarekin. Gabonetarako gehiago egin beharko ditut. Eguzkiloreak, animaliatxoak, edota forma ezberdinetako giltzatarakoak ere ondo saltzen dira.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!