Elkartasun bazkaria, Zaporeak ekimenaren alde

Ainhoa Gil 2019ko urr. 25a, 13:07
Larraulgo Zirta jatetxe-ostatuan egingo dute elkartasun bazkaria.

Urriaren 26a Zaporeak ekimenaren aldeko eguna izango da Larraulen. Elkartasun bazkariarekin borobilduko dute egitaraua. 

Errefuxiatuei laguntzeko ekimena da Zaporeak. 2011n ekin zioten lanari Etiopian, eta Grezian ere ari dira 2016ko martxoaz geroztik. Beste ekimen askoren artean, otordu goxoak eskaintzen dizkiete errefuxiatuei.
Urriaren 26an, proiektua barruagotik ezagutzeko aukera eskainiko dute Larraulen. 11:30etan hasita, hainbat ekitaldi antolatu dute horretarako. Hasteko, arrantza sarez osaturiko poltsen tailerra egingo dute, familiei zuzenduta. Ordu berean zabalduko dute errefuxiatuen egoeraren inguruko argazki erakusketa eta bideo emanaldia, baita denda eta informazio gunea ere. 

Proiektua ezagutzeko aukera
12:30etan Zaporeak proiektuaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Kultur Etxean. Lesboseko errefuxiatuek pairatzen duten egoeraren inguruko berri ere emango dute.
Eguerdiko 13:00etan, argazki erakusketa eta bideo emanaldia eskainiko dute berriz eta Zaporeak ekimenaren inguruko informazioa emango diote gerturatzen den orori. 

Bazkaria
Bazkaritarako garaia iritsiko da eguerdian. Larraulgo Zirta jatetxe-ostatuak eskainiko du otordu goxo eta zaindua: Zizka-mizkak, muskuiluak, txangurro hostorea, bakailaoa, txerri saiheskia eta gazta tarta izango dira, besteak beste. 30 euro ordainduko du bazkaldar bakoitzak eta ateratako diru guztia, Zaporeak proiektura bideratuko dute.  Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bazkaritara gerturatu nahi duenak, aurrez deitu beharko du, 943 691 855 zenbakira. 

Urriaren 26an Larraulera gerturatu ezin duenak, baina ekimenaren inguruko interesa duenak, zaporeak.eus gunean aurkituko du informazio osoa. Proiektua diruz lagundu nahi duenak, bestalde, bi kontu hauetako batean egin ahal izango du ekarpena: Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322 Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!