"Denbora gehien igarotzen dugun lekuak begiratzea komeni da"

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 6a, 09:22
Txomin Etxeberria, Aiurri aldizkariaren bulegoan, energiak neurtzeko tresnak eskuan hartuta.

Geobiologia eta erradiestesia arloak ezagutu izanak, gehiago jakiteko irrika piztu dio Txomin Etxeberria larrauldarrari. Gorputz fisikoa bakarrik ez garela jabetzeko balio izan dio, besteak beste.

Jarraian Aiurriri eskaini dion elkarrizketaren zatitxo bat. Elkarrizketa osorik: Aiurri aldizkariaren 550 zenbakian.

Nola eta zergatik ekin zenion geobiologia eta erradiestesiaren arloa lantzeari?
Etxez aldatu ginenean, Josu Jauregi etorri zitzaigun bere hagatxo edo barillekin behaketa egitera. Bioeraikuntzan lan egin du bere bizitza osoan eta aspaldian geobiologiaren baitan ari da lanean. Berak ekarri zuen Euskal Herrira jakintza horren berri. Nik hori guztia urrutitik begiratzen nuen, gauza berezi bat bezala. Gerora, 2012an Suzanne Powelen dokumental bat ikustean, barillak atera zituen bukaeran eta Josu Jauregirekin gogoratu nintzen berehalakoan. Adi jarri nintzen. Barillak erabiltzeko gaitasuna edonork duela esan zuen eta, hurrengo egunean, bi alanbre puska hartu eta proba egin nuen. Eta zast!, gurutzatu egin zitzaizkidan. Hortxe deskubritu nuen nire baitarako, bazegoela ikusten ez genuen mundu bat, baina guri nolabait eragiten ziguna. Hortik aurrera, proba asko egin dut, asko irakurri eta ikastaro ugaritan hartu dut parte... Irrika piztu zitzaidan eta horretan jarraitzen dut oraindik ere, nire jakinduria zabaldu nahian.

Jakinduria hori praktikan ere jartzen duzu, hainbat pertsonari lagunduz...
Poliki-poliki, ikasitakoari zukua atera eta etxean edo lagunekin probak egiten hasi nintzen... Egiten nituen gauzatxoekin pertsonengan diferentzia nabaritzen zela konturatu nintzen; esaterako, askotan gaixotzen zen haur batek sekulako hobekuntza izan zuen, ohea tokiz aldatze hutsarekin. Orduan, geroz eta gehiago konbentzitu nintzen, irakurtzen nituen irakurgaietan bazegoela oinarririk, azterketa zientifikoetan oinarritutako oinarri sendoa.

Askotan gaixotzen denari edo etxez aldatu behar duenari ere,eremu energetikoa neurtu eta aztertzeko gomendatuko nioke; hobekuntza asko nabari baitezake, aldaketa txiki batzuk eginda.

Etxearen barruan, zer begiratzea komeni da bereziki? Non egin aldaketa horiek?
Logela ondo begiratzea komeni da, eta bereziki, ohearen kokalekua; ordu asko igarotzen baitugu bertan. Gainera, etzanda gaudenean, gorputza erabat erlaxatuta egoten da eta baita gure sistema defentsiboa ere, gure gorputzak bere lanak egin behar dituelako, egunean zehar galdutako indarrak berreskuratuz. Hori da loaren funtzioa eta ohea eremu txar batean kokatuta egonez gero, gorputzari ezinezkoa zaio erabat osatzea.

Ohea eremu onean jarri behar da, pertsonak kalterik jaso ez dezan. Egia da, oro har, gaurko etxeak txikiak direla eta aukera gutxi izaten dela ohea lekuz aldatzeko, baina oso kontuan hartzeko gaia da.

Bestalde, alterazio geofisikoek ez dute pertsona guztiengan berdin eragiten. Pertsona batzuk besteak baino sentikorragoak izaten dira eta leku berean, pertsona bat agian gaixotu egin daiteke eta bestea ez.

Ohearen kokalekua bezala, lantokia begiratzea ere gomendagarria da; batez ere eguneko ordu asko leku berean eserita igarotzen bada. Arazoren bat edukiz gero, izan litekeelako lantokikoa eta ez etxekoa. Denbora gehien igarotzen dugun lekuak begiratzea komeni da, batez ere.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!