"Gorputz handiko txakolina da gurea, fruitu ukitua duena"

Ainhoa Gil 2019ko abe. 28a, 09:00
Endika Azpirotz

2011n landatu zituzten mahatsondoak Aiako Zipiotegi baserrian. Haiek emandako mahatsarekin egiten dute Arbela txakolina. Buru-belarri ari da lan horretan Larraulgo Endika Azpirotz.

Ramon eta Aitor Errasti anaiekin batera ekin zion Endika Azpirotzek abentura berriari. 2007an hasi zen forma hartzen euren proiektua eta 2013an ekoitzi zituzten lehen txakolin botilak. Endikak azaldu du nolakoa izan den bide hori.

Nondik nora erabaki zenuen txakolinaren munduan sartzea?

Aspaldiko lagun batzuekin topo egin nuen, jai-giroan. Hizketaldi polita izan genuen eta tartean, txakolinaren kon-tua sortu zen. Garai hartan, Getariako Txakolina jatorrizko izendapenean sartzeko esleipen berriak zabaltzera zihoan Foru Aldundia. Horretara bideratutako lursail kopurua oso mugatua zen ordura arte, eta lursail gehiagori zabaldu zien aukera. Lagunarteko hizketaldi informal hura forma hartzen hasi zen eta esleipen prozesura aurkeztea erabaki genuen. Kalekumea naiz, baina Fraisoron ikasi nuen eta baserri mundua beti gustatu izan zait. Esleipen horretan lursailen bat ustiatzeko eskubidea lortuz gero, hiru lagunek elkartea osatu eta saiakera egiteko akordioa egin genuen.2007ko esleipen prozesuan bi hektarea inguru lortu ge-nituen, baina argi genuen buru-belarri honetan sartu ahal izateko, gutxienez bost hektarea beharko genituela. Handik gutxira beste esleipen prozesu bat zabaldu zuten, eta gure helburua lortuta, elkartea sortu genuen.

Jatorri izendapenean aritu ahal izateko lursail-baimena lortuta, zein izan zen hurrengo pausoa?

Denbora pixka bat behar izan genuen lursail egokiak aurkitzeko. Aiako Zipiotegi baserrian topatu genuen behar genuena. Dirulaguntzak ere baziren garai hartan, eta barru-barruraino sartu ginen. 2011n landatu genituen mahatsondoak. 20.000 landare guztira. Gurekin batera hasiera-hasieratik aritu da Maitena Barrero enologoa. Esperientzia luzea duten upategiek ere izaten dute enologoen laguntza eta guk, hasi berriak izanik, bagenuen haren premia.

Mahatsondoak landatuta, abentura berria hasi zen zuentzat...

Hasiera oso gogorra izan zen. Landatu eta hurrengo egunetik beretik lana ematen hasi zitzaigun mahastia. Ez genuen makinariarik eta eskuz egiten genuen guzti-guztia. Oso lursail malkartsua da eta horrek neke fisiko handia ekartzen zigun. Espalderatan jarri genuen gure mahastia, ilarak osatuta. Ekoizpena txikiagoa izaten da horrela jarritako mahastietan, baina eguzkiak gehiago jotzen ditu eta kalitate handiko mahatsa ematen dute. Kalitatearen aldeko apustua egin genuen. Maldaren kontra eta hegoaldera begira dauzkagu jarrita gainera, ahalik eta eguzki gehien jaso dezaten. Mahastiko lanak, bestalde, ez dira udan amaitzen. Urte osoan izaten da zereginen bat. Landareak kimatu, zaindu, belarra moztu... Mahatsa bildu eta upategiko lanak egin behar diren momentu hori izaten da, agian, urte osoko lasaiena.

2013an jaso zenuten lehen uzta...

Garai hartan ez genuen upategirik, eta Getariako txakolindegi batean jo genuen gure mahatsa. 1800 kilokoa izan zen lehen uzta hura. Gure lehen txakolina atera genuen urte hartan, Arbela izenarekin. Geroztik, uzta hazten joan da. 2017an izan genuen ekoizpenik handiena, 40.000 kilo mahats bilduta. Azken bi urtetan gora-beherak izan ditu-gu eta arrazoiak zeintzuk izan diren aztertzen ari gara. Bi txakolin mota egiten ditugu gaur egun; Arbela eta Arbela Enbata, bakoitza bere berezitasun eta ezaugarriekin.

Ardogintzaren %90a nekazaritza dela esango nuke. Hortxe joaten zaizkigu ordurik gehienak eta oso garrantzitsua iruditzen zait lan horietan arreta berezia jartzea. Upategiko lanek ere badute garran-tzia, noski, baina ez baduzu kalitatezko lehengairik, nekez egingo duzu produktu ona.

Elkarrizketa osoa: Aiurri aldizkariaren 551 alean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!