Larraulgo haur eta gaztetxoak, sortzaile bikainak

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 20a, 11:07

Atzo iluntzean banatu zituzten Larraulgo I. Mikro-ipuin lehiaketako sariak Larraulen. Winstond Copeland magoaren emanaldiaren amaieran egin zen sari-banaketa, giro eta umore onean.

Winston Copeland magoak emanaldi polita eskaini zuen atzo iluntzean Larraulgo liburutegian. Magia ariketa politak egin zituen kartekin. Saio alai eta erakargarria izan zen; eta, dudarik gabe, Larraulgo liburutegian bildu ziren haur nahiz helduek iluntze atsegina igaro zuten atzokoan. Magia saioaren amaieran, pergaminoa atera zuen maletatik Copeland magoak. Bertan ageri zen Larraulgo I. Mikro-ipuin lehiaketa irabazi duten larrauldarren zerrenda. Haurrak urduri magoari begira. Atzokoa lehen sari-ematea izanagatik, mikro-ipuin lehiaketarena geratzeko etorri den ekintza dela adierazi zuen, arrakasta beroa izan duelako lehen edizio honek.

Izan ere, lehen aldiz antolatu dute Mikro-ipuin lehiaketa Larraulen eta arrakastatsua izan da;  herriko haur eta gaztetxoek 18 lan aurkeztu baitituzte guztira. A kategorian (6-8 urte) 7 eta B kategorian (9-11 urte) 11.

Izena ezagutarazi nahi izan ez duten hiru larrauldarrek egin dituzte epaile lanak. Larraulgo idazle gaztetxoen lanak irakurtzen eta baloratzen aritu ondoren, ondorio polita atera dute, "Larraulgo haurrak irudimen handikoak dira, sortzaile bikainak, eta horrek asko poztu gaitu. Oso mikro-ipuin politak jaso ditugu, irribarrea sortzen dutenak batzuk, zer-pentsa uzten dutenak beste batzuk. Zorionak benetan parte hartzaileei". Ondorengo irizpideak hartu dituzte kontuan lanak baloratzerakoan: gaiaren originaltasuna, erabilitako euskara maila, narrazioaren egitura eta ilustrazioaren eta testuaren bateratze maila.

Kategoria bakoitzean, beraz, bi lanik onenak saritzearekin batera, ilustrazio onenari ere aipamena egin diote epaileek eta Winstond Copeland magoak jakinarazi zuen irabazleen berri:

A kategoria

  • 1. saria: Xuban Mugika Aginagalde, 'Gaztelu iluna'.
  • 2. saria: Kimetz Teixeira Egaña, 'Inor gabe'.
  • Ilustrazio onena: Ekhi Ruiz Sanz, 'Pilotari baldarra'.

B kategoria

  • 1. saria: Sara Lopez Sanchez, 'Zergaitik?'.
  • 2. saria: Elaia Tejeria Arozena, 'Ametsa ote?'.
  • Ilustrazio onena: Karim Chalen Deniz, 'Koloreak'.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!