"Publikoak ez dit beldurrik ematen, baina bai errespetu handia"

Ainhoa Gil 2020ko ots. 20a, 11:22

Lasartearra da izatez Aitor Atxega, baina urte asko darama Larraulen. Irakaslea, musikaria, musika-zalea, bertso-zalea, bidaiaria, Zuberoarekin maitemindua... Sormenean aurkitzen du gozamena, halaxe azaldu du Aiurri hamaboskariari eskainitako elkarrizketan.

*Jarraian elkarrizketaren laburpentxo bat. Osorik, Aiurri hamabokariaren 555 zenbakian.

Irakaslea zara ofizioz, musikaria zaletasunez. Kontaiguzu, nola eman zenituen lehen pausoak musikaren baitan?
Ama oso musikazalea zen eta kontserbatoriora eraman gintuen anai-arrebok. Plazan, berriz, ia konturatu gabe hasi nintzen. Gure aita Lasarteko Landaberri ikastolako atezaina zen, eta ikastolan bertan bizi ginen. Garai hartan, jaialdi ezberdinak antolatzen zituzten, eta talde ezberdinak etortzen ziren jotzera. Izaeraz irekia naiz, eta laster hasi nintzen musika talde horiengana gerturatu eta lehen akordeak jotzen. 
Ttakun euskara elkartea sortu zenean, haren aldeko zerbait egin behar zela eta, txosnetan hasi nintzen, gitarraren laguntzaz euskaraz abesten.
1991n Estatu Batuetara joan nintzen eta, itzuleran, Joseba Iparragirre trikitilariarekin jotzeko deia jaso nuen; erromeriatan jotzeko gonbita luzatu zidan eta halaxe hasi nintzen plazan. Asko ikasi nuen bolada hartan. Intuizioa ikaragarri lantzen duzu plazan. 
Plazaz plaza genbiltzala ekin nion baxua jotzeari, soinuari hobeto egokitzen zitzaiolako. Joseba Iparragirre, Amaia eta Kristina, Eider eta Oihana..., plaza munduan gustura ibili nintzen jende ezberdinarekin.

Entzuteko zein musika mota gustatzen zaizu gehien?
Ez naiz musika gogorraren zale. Gainerantzean, denetarik enzuten dut. Egunero hartzen dut musika entzuteko tartea, eta ez zait gustatze n edozein moduz entzutea: bozgorailu onekin, eserita jarri, play botoia sakatu, eta entzun. 
Irudiari garrantzia handia ematen zaio gaur egun, eta soinuak, musikak, indarra galdu du. Mugikorrean entzuten du musika jende askok, baina horrek ez du behar bezala entzuteko aukerarik ematen. Pieza bat grabatu duenak, sekulako ahalegina egin du detaileak zaintzen, eta mugikorrean entzuten badugu, hori guztia galdu egiten da. Musikaz gozatzeko, bere tartea eskaini behar zaio. Nik ez dut bizitza ulertzen musika entzun, sortu edo jo gabe. Kimika berezia sorrarazten du. 

Ez gara Palestinaz ari ikuskizunaren bidetik etorri da Erik eta Win emanaldi berria...
Ez gara Palestinaz ari ikuskizunaren formatua eta estetika mantenduz sortu dugu ikuskizun berria. 
Sorrera prozesua nahiko luzea izan da. Kosta egin zitzaigun arrankatzea, baina seguruenik Palestinari baino ordu gutxiago eskaini dizkiogu. Argi genuen marka bat sortuta genuela eta bide horri eutsi nahi geniola.   
Ikuskizuna indartzeko, zuzendari artistikoa hartzea erabaki genuen. Asier Sotak egin du lan hori, eta nabaritu egiten da. Bere gidaritzapean, azkarrago hartu ditugu erabakiak, nolabait esateko, isilik egoten ikasi dugu. Antzezpena ere asko hobetu dugu, baita kantukera ere, eta eszenatokian egoten ikasi dugu.  Lan handia egin dugu antzerkiak bere indarra izan dezan. Ikuskizunak sustrai sakonak dituela esango nuke.   

Zer kontatzen duzue Erik eta Win ikuskizunean?
Giza harremanen inguruan aritzen gara. Pertsonak harremanetan jartzen garenean, barruan mugitzen diren sentipenak, hartzen diren jarrerak..., hori da ikuskizunaren funtsa. Konkretura ekarrita, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek euren arteko harremanean bizi izandakoak kontatzen dituzte. Barne-prozesu luzea egin dute horrez guztiaz jabetu, eta ikuskizunera ekartzeko. 
Umoretik egindako ikuskizuna bada ere, sakoneko gaia da jorratzen dena. Barre algarak sortzen ditugu, baina baita zer pentsatua eman ere. 

Irakasle, musikari, bidaiari... Ez zara geldirik egoteko pertsona...
Eta denetan gozatzen dut, eta goza-arazten saiatzen naiz, bestela ez nintzateke arituko. 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!