Euskal Herriko inauteriak, atzo eta gaur

Xabier Lasa 2020ko ots. 25a, 12:33

Aitzpea Leizaola antropologoa, Larraulgo liburutegian

 “Inauteriak Euskal Herrian atzo eta gaur” izenburuko hitzaldia eskaini zuen Aitzpea Leizaolak Larraulen joan den asteartean. Defendatu zuenez, inauteria kultur adierazpide moldakorra, dinamikoa eta aldakorra da, eta horri esker mantentzen da bizirik.

EHUn antropologia saileko irakaslea da Aitzpea Leizaola, egun. Urte mordoa darama euskal inauteriak aztertzen, Ituren eta Zubietako inauteriak eta bertako pertsonajeak jomugan hartu izan zituenetik. “Mozorrotzearen atzean itxuraz ikusten dena baino askoz gehiago dago eta horixe arakatzea izan dut gogoko beti. Inauteriek, egunerokotasuna iraultzeko gaitasuna duten heinean, badu interesa bere baitan nola erreproduzitzen diren rol tradizionalak, gizartea nola parodiatzen den. Inauteriei erreparatuz gero igarri daitezke zeintzuk diren garaian garaiko eztabaidak, tentsio edo kritika puntuak, eta zer nolako eragina duten egunerokotasuneko eztabaidetan edo martxan”.

Egunerokotasuna iraultzeko garaia
Aparteko ezaugarriak dituzten egunak izan dira inauteriak, historikoki. “Egunerokotasuna hankaz goratzeko edo iraultzeko garaia da, zeinak amaiera finkoa daukan. Epe jakin horrek ematen du aukera, batez ere landa eremuko komunitate txikien testuinguruetan, gizarte antolaketa iraultzeko eta kritika soziala, ekonomikoa, politikoa... Hori dena plazaratzeagatik zigortua izateko beldurrak uxatzen diren epea da. Ondoren, inauterien zikloa amaitzen denean normaltasun baten aurrean geundeke; horrela, gizartea sendotuta azalduko litzateke batzuentzat, eta besteentzat gizarteak nolabaiteko eraldaketarako aukera edukiko luke. Beraz, ez da soilik ondo pasatzeko festa, baizik eta hainbat dinamika, erronka edo auzi plazaratzeko unea”.

Garaian garaiko isla
Inauteriak gizarte fenomenoa osatzen duten heinean, beren azterketak testuinguru historikoa aintzat hartzea eskatzen du derrigor, Leizaolaren aburuz. “Antropologoek eta historialariek egin dituzten azterketei begira jarriz gero, ikusten da inauterien akabera edo berpiztearen inguruko auzia luzaroan eman dela, 70eko hamarkadan batez ere. Eztabaida horren erdigunean honelako galdera edo zalantzak egon ziren: ea inauteriak gizartearen isla ote diren eta zenbateraino; ea ospakizun soilak ote diren, alegia lau trapu jarri ondo pasatzeko edo ea horren atzean ez ote dagoen aisialdiaz aparteko beste ezer”.

Julio Caro Baroja antropologoari, eta honek, dokumentazio bikaina egin ostean 1965ean argitaratu zuen “El carnaval. Análisis histórico-cultural” liburu sonatuari heldu zion Leizaolak segidan. “Honako aipua egin zuen Caro Barojak liburuaren sarreran: 'El carnaval ha muerto. Ha muerto no para resucitar, como en otro tiempo, anualmente: era una fiesta de corte antiguo. Hoy queremos ser modernos ante todo'. Hortaz, Barojarentzat akaberak ez zuen zerikusirik kristautasunarekin, hots, gizarte antolaketa iraul dezakeen festa paganoa kontrolpean edukitzeko Eliza instituzioaren ahaleginarekin; ezta ere ezkerraren gorakadarekin; halaber, ez zuen aipatu frankismoak 36tik aurrera bandoen bidez ezarri zituen debekuak. Akaberaren tesia arrazoitzerakoan dio festa sekularizatu egin dela nolabait, “laizismo burokratikoa” nagusitu zela. Era horretan, bere ustez bizitza modernoak markatuko zukeen inauterien desagerpen hori”.

Caro Barojaren ikuspegiarekin lotuta, tradizioaren inguruan egin izan den irakurketa jakin bat gogoratu zuen Leizaolak. “Iraganarekiko jarraikortasun baten moduan aurkeztu izan da tradizioa; hots, aldagaitza izango litzateke, denboran zehar urtez urteko errepikapen huts bat. Interpretazio bat egingo luke Caro Barojaren 'muere para resucitar' ideiarekin”.

Ikuspegi horrek ez bezala, Aitzpea Leizaolak uste du testuinguru historikoak oso presente eduki behar direla, “inauteria gizarte baten festa sistemaren baitan kokatuta dago, ez dago gizartetik aparte; gizartearen isla da, haren funtzionatzeko moduen isla, balioen isla, bilakaeraren isla... Eta hortaz, garaian garaiko kezka, aldarrikapen baloreen isla bat ere izango da”.

Horrenbestez, esan daiteke inauteriak bilakaera baten menpe daudela, ez direla estatikoak.

Tradizioa, moldakorra
Azken hamarkadetan mundu akademikoak erakutsi du tradizioa zerbait baldin bada moldakorra, dinamikoa eta aldakorra dela; horiei esker mantentzen da bizirik eta tradizio moduan inauteria, Leizaolaren esanetan. “Hiru ezaugarriek biziraupena ziurtatu dute”.

70etik aurrera Euskal Herrian, Ipar zein Hegoan, berpizkundea bizi dute tradizioek eta inauteriek. “Fenomeno zabalago baten baitan ulertu behar den fenomenoa da. Europa guztian landa eremuarekiko interesa dago, tradizioen gordeleku den eremu horretan, eta tradizio horiek berpiztu egin dira”.

Berpizte hori forma desberdinetan islatzen ari dela gehitu zuen Leizaolak. “Alde batetik tradizioen bilketa eta berrinterpretazioa dago. Baina bestalde, forma berrien sorkuntza gertatzen ari da. Esate baterako, Lizarrako inauteriak aipa genitzake. Ikastolaren eskutik sortu zuten 80ko hamarkadaren amaieran, bertan sustraitzen den kondaira bateko pertsonaje bati helduta. Horrela, Zalduondoko inauterietako Markitos pertsonaiaren antzera, Aldabika bidelapurra berreskuratu zuten; eta honekin batera, Palokien figura ere plazaratu zuten, Aldabika harrapatu eta plazan erretzeko zeregina daukaten pertsonajeak. Irudimenaz baliatu ziren hori dena osatzeko; alegia, hula hoop jostailu komertziala erabili zuten inauterietan berezkoa den mozorrotu-deformatuaren forma berri bat asmatzeko. Azken batean, lortu zuten aintzat hartzea gizarte tradizional batean oso bizirik zeuden baloreak”.

Ikuspegi konparatiboari helduta, Londreseko Notting Hill auzoko inauteria hartu zuen hizpide Leizaolak, moldakortasunaren adierazgarri gisa. “Londreseko diru iturri nagusiena bilakatu da turismoaren ikuspegitik. Bada, atzera joz gero, ohartzen gara 50 eta 60ko hamarkadetan duela jatorria. Britaniar koloniak izandako Karibeko uharteetatik heldutako emigranteen ospakizuna izaten zen orduan, eta ikaragarrizko kale istiluak sortzen ziren polizia galarazteko asmoz sartzen zenean auzo horretan. Paradojikoki, boterearentzat problematikoa zena, 50 urte beranduago, Londreseko atrakzio turistikoa bilakatu da”.

Lantz, 50 urteren ostean
Julio eta Pio Caro Baroja anaiek 60ko hamarkadaren bukaeran Lantzeko inauteria oinarri hartuta egin zuten 'Navarra, las cuatro estacione'” dokumentala hizpide izan zuen inauterien bilakaera buruz hizketan jarraitzeko. Larraulgo hitzaldira bertaratutakoek pantailan ikusteko aukera eduki zuten, era horretan.   

“Dokumentalgintza antropologikoan garrantzi itzela hartu zuen lan horrek, Euskal Herrian ez ezik Estatu Batuetan ere. Lantzen 2006an atera genituen irudiak kolorezkoak txuri-beltzean jarriz gero, konturatzen gara gauza asko antzeko mantentzen direla, 50 bat urte igaro arren: Ziripot, Miel Otxin, txatxuen jolasak, zortzikoaren dantza plazan, perratze saiakerak... 2006ko argazkiek ukitu tradizionalen itxura hartzen dute. Argi dago Lantzen urtero errepikatu egiten dela inauteria, at infinitum, eta horrek balorea eransten dio”.

Nolanahi ere, 2006ko argazkiak testuinguruan jarri nahi zituen Leizaolak. “Argazki horien detaileetara jotzen badugu, bestelako xehetasunak ere topatuko ditugu: esate baterako, pertsonaje horiek festa hasi aurretik ganbaran daudenean, mozorrotzeko eta gorputza deformatzeko aldarte horretan, hots, anonimotasun hori lortzeko unean, eta gertu-gertu, publikoa daukate begira. Kalera irten eta gero, halaber, pertsonaje horien inguruan publiko eta argazkilari andana dabil etengabe. Hitz batean adierazteko, argazkilariak, publikoa... inauteri horietan txertatu egin dira, nork bere rola bereganatu du. Mozorroak muturra gehiegi sartu nahi duten argazkilari edo ikusleak xaxatzen ibiltzea ere festaren ohiko elementu bilakatu da”.

Euskal inauterien ideia zehatz bat
Lantzeko inauteriak desagertuak ziren, Baroja anaiek dokumentala atondu zutenean, eta berreraikuntza egin zuten bertako zaharrekin informazio bildu eta gazteak antzerkia egitera jarri eta gero. “Era horretan, Lantzeko inauteriak berreskuratzea lortu zen. Baina ez hori bakarrik. Denboraren poderioz, Euskal Herriko inauterien adierazle bihurtu da Lantzeko inauteria, baldin eta inoiz egon bada euskal inauterien kontzeptu jakin bat. Izan ere, Euskal Herrian inauteriak forma diferenteak hartzen ditu; ez da berdin herrigunekoa edo hirigunekoa izatea, mozorrotua izatea ala ez, dantza propioa edukitzea ala ez... Hamaika adibide bila ditzakegu han hemen, auzitan jartzen dutenak euskal inauterien kontzeptu jakin hori”.

Hain zuzen, 70eko hamarkadan sortu zen “euskal inauterien ideia” hori, “eta geroztik hainbat herri eta hiritako ikastetxeetan irakasle eta ikasleak Lantzeko txatxoen antzera mozorrotzen dira, euskal inauterien prototipotzat jo eta gero. Kasik lortu dute Lantzekoa inauterien forma tradizional eta kanonikoa bilakatzea”.

Leizaolaren ustez, da inauteriek berez duten moldakortasunak erraztu egin du fenomeno hori: “pertsonajea testuinguru jakin batetik hartu eta moldatu egin da. Are gehiago, hainbat inauterietan, Txatxoen itxurako pertsonajeak edo antzekoak agertzen dira, batzuetan beste izendapenekin”.

Masifikazioaren ideia ere aipagai izan zuen Leizaolak, Lantzeko inauteriak aztergai zituela. “Barojatarren dokumentalak ez ezik, komunikabideek ere lagundu egin dute Lantzekoa masifika dadin” Lantz ez ezik, Zubieta eta Ituren ere fenomeno horren biktimak lirateke. “Komunikabideentzat urtero-urtero notizia iturri bilakatzen dira. Badira beste zenbait inauteri, zorionez, modu horretan erakartzen ez dutenak”.

Mozorrotzearen filosofia, bizirik
Inauterien inguruan bi ikuspegi edo kontzepzio ezagunenak eta ohikoenak, Euskal Herrian nahiko barneratuak ditugula azpimarratu zuen Leizaolak. “Bietan mozorroak agertzen zaizkigu, baina batean jendea identifikatua izateko moduan mozorrotzen da (ingurune urbanoan batik bat); bestean, ordea, aurpegia estali eta gorputza deformatzen du, anonimotasuna bilatu nahian (landa ingurunean, batik bat).

Gaur egungo euskal inauterietan mozorroek garrantzia eta esanahia izaten jarraitzen dutela ziurtatu zuen Leizaolak. “Ideia mantentzen da; pertsonaje horren azpian dagoena ez dakizu gizona edo emakumea den, zaharra ala gaztea”.

Zahartzaroaren irudikapenaren gainean, ñabardura egin zuen, hala ere. “Esaten dugunean garaian garaiko kezkak, erronkak, plazaratzeko eta eztabaidatzeko gunea dela inauteria, bada, hor islatzen da gaurko gizartean gaztetasuna nola goresten den beste ezeren gainetik. Era horretan, gazteak zaharrez mozorrotzen diren, eta ez hainbeste zaharrak gazteez, azken hori egunerokotasunean egiten saiatzen baikara”.

Emakume bat mozorro baten atzean suma daiteke, eta ume bat izutzen ari da. Euskal Herriko nekazal giroko inauteri batean ateratako argazki horixe erakutsi zien Leizaolak hitzaldiko entzuleei: “Irudiak agerian uzten digu zein puntutaraino irauli daitezkeen egunerokotasunean edo gizartean errotuta dauden balio eta rolak, normalean emakumeek umeak ez baitituzte. Aitzitik, haurraren zaintzarekin lotzen da emakumearen papera, gizarte tradizionalean zein urbanoan, atzo eta gaur. Irudi horrek adierazten digu mozorroak nola eman dion buelta rolen banaketa tradizionalari”.

Emakumearen rola
Aitzpea Leizaolak Aranoko inauterietan ateratako beste argazki bat erakutsi zien entzuleei. Bertan, baserriz baserri eta etxez etxe erronda egiten ari den mozorrotutako gazte taldea ageri da, dantzan; tartean, emakumeak sumatzen dira, eta baita ere etxeko andrea.

“Beti ez da izan horrela. Emakumea beti presente egon da inauterietan, baina ez paper edo rol beretan. Bilakaera egon da azken hamarkadatan, zenbaitetan eztabaida edo tentsioarekin, eta bestetan modu naturalagoan. Adibidez, Ituren eta Zubietan emakumezko joaldunak aspalditxo hasi ziren kaleratzen, inongo iskanbilarik gabe. Zubietan jarraitu dute, baina Iturenen ez hainbeste. Emakumeak gehiago ateratzen dira errege bezperako jaian edo etxez etxeko eskaera errituetan”.

Testuinguru urbanora jo zuen segidan Leizaolak, eta Donostiako kaldereroen bilakaera historikoa jorratu zuen. “Konpartsa tradizionalean 16 urtez atera izan gara emakumeak zartagina jotzen eta kantuan; baina aurretik, emakumeek ezin izan zuten halako rol aktiboa eduki, pandereta jo eta dantza egin zezaketen soilik. Aldarrikapena eta plaza hartze bat gertatu zen noizbait, eta ondorioz, gaur egun, parekidea da konpartsa tradizionala. Primitiboa deitzen den kaldereroen bigarren konpartsak, ordea, lehengo eskemarekin jarraitzen du. Tentsioa ez da agerikoa, ez da lehertu beste lekuetan bezala, baina hori da errealitatea”.

Donostiako Alde Zaharrean gauzatzen den festa hori jende askorentzat ondo pasatzeko eguna dela aitortu zuen Leizaolak. “gizon eta emakume, zahar eta gazte, denetariko parte-hartzaileak onartzen ditu festak, iraganean ez bezala. Izan ere, tradizioari erreparatuko bagenio Julio Caro Barojak zioen bezala, orain dela 20-30 urte bitarte gaztaroko festa izan zen, hots, gaztetasunarekin lotutako festa izan zen, eta bereziki mutil ezkongabeek ospatzen zutena. Zorionez, herritar guztiei zabaldu zaien festa da gaur egun”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!