Larraul Udalaren oharrra

Aiurri 2020ko mar. 13a, 11:57

Larraulgo Udalak prentsa oharra igorri du koronabirusaren inguruko neurriak azaltzeko:

"LARRAUL-ERNIO-LARRAUL" karrera bertan behera geratu da eta Larraulgo liburutegia eta Gaztelekua itxi dira.
 
  • Eskolaz kanpoko jarduerak eta kultura- eta kirol-jarduera guztiak bertan behera geratuko dira, beste abisu bat eman arte.
  • Udala irekita egongo da, ohiko ordutegian, baina herritarrei eskatzen zaie kontsultak eta/edo izapideak posta elektronikoz edo telefonoz egiteko, ahal den neurrian.
Koronabirusaren larrialdiak eragindako egoerari erreparatuz, Larraulgo Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi die herritarrei, eta eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera geratuko direla iragarri, baita kultur eta kirol arlokoak ere. Zehazki, martxoaren 15erako "Larraul-Ernio-Larraul" lasterketa bertan behera geratu da. Gainera, liburutegia eta Gaztelekua ere itxita egongo dira.
 
Gaur goizean argitaratutako bando batean, euskaraz eta gaztelaniaz, Maite Arana alkateak ere jakinarazi du Udala ohiko ordutegiarekin egongo dela zabalik. Hala ere, eskaera bat egin die bizilagunei, ahal duten neurrian kontsultak eta tramiteak egin ditzaten udala@larraul.eus helbide elektronikoz edo 943 693 042 telefono zenbakira deituta.
 
"Lasaitasunetik, baina baita erantzukizunetik eta elkartasunetik ere, auzokide guztiei gogorarazten diegu oso garrantzitsua dela osasun-arloko profesionalen gomendioak jarraitzea salbuespenezko egoera horri aurre egiteko". Alde horretatik, ahulenak diren kolektiboak babesteko deia egin du, hala nola gaixoak eta adineko pertsonak, eta agertoki hori "ahalik eta kalte gutxien" izan dadin laguntzearen garrantzia aldarrikatu du.
Horregatik, bandoa baliatu du Larraulgo bizilagun guztiei eskerrak emateko, "Egindako ahaleginagatik, ulermenagatik eta laguntzagatik". Egoera "aldakorra" denez, nobedadeen berri ematen joango dela gaineratu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!