Larraulgo herri ostatuaren kanpoaldean arbel bat dago Covid-19aren prebentzio neurriak zeintzuk diren iragartzeko. Bezeroek terrazan egoteko aukera dute: hori bai, lehenengo eskuak garbitu beharko ditute. Ondoren, eskua luzatuz tabernako langileari kontsumitu nahi dena eskatuko zaio eta hark ekarriko du mahaira. Larraulgo herri ostatuko arduraduna den Iker Urangak azaldu duenez, “desinfektatutako mahaiek kolore berdeko txartela daukate eta desinfektatuta ez daudenek, berriz, kolore gorrikoa”.
Terrazako mahaien konposaketari dagokionez, mahaien artean gutxienez bi metroko tartea ezarri dute. Iaz jarri ziren mahaien kopuru erdia ipintzeko baimena dutela dio Urangak. “Mahaiak bazkari puntuak dira, eta gerta liteke bi mahai elkartzea. Mahai puntu bakoitzean gehienez hamar pertsona egon daitezke”.
Tabernara komunera joateko baino ezingo da sartu, eta banaka eta langilearen bitartez egingo da. “Komuna giltzaz itxita daukagu eta bezeroari guk irekiko diogu, bera ateratzerakoan berriro itxiz. Ondoren, langile bat barrura sartzen da ongi garbitzeko. Legeak dio egunean zehar gutxienez sei alditan garbitu behar dela komuna. Guk, ahal badugu behintzat, pertsona bat sartzen den bakoitzean garbitzen dugu”.
Terrazan bazkaltzeko aukera eskaintzen dute. Taberna eta jatetxeko proposamenak uztartu dituzte karta osatzerakoan. “Karta plastifikatuta ematen dugu, ondoren ondo garbitzeko. Eguneko menua ere eskaintzen dugu, baita sukaldariaren iradokizunak zeintzuk diren adierazi ere. Denetarik eskaintza jarri dugu bezeroen eskura: pintxoak, anoak…, baita, gure ustez, kartako plater berezienak direnak ere, terrazan jateko”.
Bertako produktuen aldeko apustua
Taberna eta jatetxe zerbitzuak ditu ostatuak eta Urangak ezinbestekotzat jotzen du bertako produktuak eskaintzea. Asteasura jaisten dira behar dituzten produktuak erostera, esaterako, bertako harakinari haragia erostera. Hasieratik heldu diote bertako produktuen aldeko apustuari eta eusten jarraituko diotela azpimarratu du. “Bezeroek garrantzia ematen diote eskualdeko produktuak erabiltzeari, baina nahiz eta ez eman, ez da berdina hemen orain dela ordubete bildutako tomatea jatea edota kanpotik ekarritako orain dela bi eguneko tomatea jatea. Hor dago ezberdintasuna”.
Pairatzen ari garen osasun krisitik “elkarrekin” soilik atera daitekeela nabarmendu du Urangak. “Denak elkarrekin lanean, ahalik eta gertuen dauden ekoizleekin elkarlanean. Elkarrekin aurrera joango gara, gainontzean ez goaz inora”.
*11:00tan zabaltzen dute Larraulgo herri ostatu. Bazkariak eskaintzen dituzte, eta eskaerarik izanez gero, afariak ere bai.
Euren kartako donostiar erara prestatutako txangurroaren errezeta eman dute. Maiatzaren 14 eta 15ean harpidedunen artean banatu zen Aiurri hamaboskarian irakurgai, erreportaje osoarekin batera
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.