“Jendea kontzienteagoa da zer garrantzia duen elikadura zaintzeak”

Aiurri 2020ko mai. 29a, 10:11

Maddi Etxeberria Otaegi, dietista larrauldarra. © M.E.

Giza Nutrizioa eta Dietetika gradua ikasi du Maddi Etxeberria larrauldarrak. Aiurriren webgunean ‘Goxatzeko errezetak’ atala sortu berri du, kalitate nutrizional altuko errezetak eskaini asmoz.

Gizarteak, oro har, ba al du kezkarik elikadura osasuntsua jarraitzearekin?

Egun gizarte gaixo batean bizi garenez, nik uste jendea geroz eta kontzienteagoa dela zer garrantzia duen elikadura zaintzeak. Hala ere, iruditzen zait jendearen kontzientzia hori obsesiotik datorrela neurri askotan, gizarteak ezarritako kanonak jarraitze aldera, baina osasuna neurri errealean zaindu gabe.

Beganismoa praktikatzen duzu. Zertan datza?

Beganismo hitza erabiltzen dugu, baina berez ez dago ondo erabilita nire kasuaz hitz egiteko. Beganismoak bere baitan biltzen ditu elikaduraz aparte bizi ohitura guztiak, hau da, arropa, makillajea, bizimodua, ez kontsumitzea ez zoologiko, ez animalia zirkurik… Prozesu horretan nago. Ez naiz %100 begano gaur egun. Badaukat garai bateko arropa larrua duena, baina ez zait etikoa iruditzen begano egin naizelako hori botatzea. Kontzeptua, berez, begetarianoa litzateke. 

Saiatzen naiz nire sare sozialetan horren inguruan hitz egiten. Badago jendea ni baino dibulgazio lan handiagoa egiten duena, baina nire aletxoa jartzen saiatzen ari naiz.

Nahiz eta gizarteak geroz eta kontzientzia handiagoa duen, batez ere ez delako jasangarria bizi estilo okzidental honetan daramagun kontsumo maila, oraindik beldur handia dago. Pentsatzen da orandik ere haragirik gabe ezin dela bizi. Mundu guztiaren galdera, “eta proteinak zer?”. Zentzu horretan bai iruditzen zait informazio ugari dagoela. 

Asteko otorduak pentsatzen, nondik abiatu behar dugu? Esaterako, astean zenbatetan kontsumitu beharko lirateke lekaleak, barazkiak, frutak, txokolatea…?

Oinarri bezala ‘Harvard platera’ deitzen zaiona erabiltzen dugu, bai nutrizioko kontsultetan eta bai bestela. ‘Harvard platera’ren erdia frutak eta barazkiak dira; laurdena karbohidratoak, izan daitezke zereal integralak, pasta, patata, boniatoa…, eta beste laurdena proteina: haragia, arrautza, arraina, lekaleak… Hori guztia prestatzeko koipe osasuntsuak daude. Hemen dugun koipe izarra oliba-olioa da. 

Nik uste dut gure espazioan dagoen arazo handienetakoa dela oso kuadrikulatuak garela. Adibide bat ematearren, babarrunak jaten ditugula bakarrik potaje gisa koilararekin jateko odolkiarekin lagunduta. Entsaladaren kasuan, olioa bota beharrean, zatikatutako fruitu lehorrekin bizigarri berezi bat egin genezake, pixka bat aldatzeko. Hori da egunerokotasunean jarraitu beharko genukeen dieta. Eskema horiek hautsi ditzakegula erakutsi nahi dut. 

Instagram kontuan @begaonegin 500 jarraitzailetik gora dituzu. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

2016ko abenduan hasi nintzen %100 dieta begetala praktikatzen eta handik oso gutxira ireki nuen Instagram kontua. Egunero argazki bat igotzen hasi nintzen. Berrogeialdia aprobetxatu dut, etxean ordu gehiago egonik, sukaldean gehiago esperimentatzeko, story gehiago igotzeko, kontuaren kalitatea pixka bat igotzeko. Ikaragarrizko lana suposatzen du horrek. Geroz eta jarraitzaile gehiago ditut, berrogeialdian zehar. Hobby bezala dut.

Aiurriko webgunean ‘Goxatzeko errezetak’ atala estreinatu berri duzu. Aurreratzerik bai zer nolako errezetak argitaratuko dituzun?

Saiatuko naiz denon gustura egiten. Ez dut nahi postreak bakarrik izatea, barietatea nahi dut. Saiatuko naiz lehen aipatutako eskema horrekin hausten. Badut brownie-a garbantzuekin egindakoa, irinik gabe. Jendea halakoekin asko harritzen dela iruditzen zait, baina ez dugu beldurrik izan behar sukaldean esperimentatzeko. 

Esperimentaziorako bidea ireki nahi dut. Saiatuko naiz errezeta goxoak izaten, kalitate nutrizional altua dutenak eta begietatik sartzen direnak. Iruditzen zait askotan ez dakigula erreferentziak nondik hartu eta horrelako datu batzuk edukitzen hastea interesgarria dela bakoitzak bere elikadura antolatzeko aukera eduki dezan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!