Osagaiak (4 lagunentzat):
- 2 alberjinia handi
- Piper berde erdi
- Kipula erdi
- 60 gramo soja texturizatu
- 215 gramo kalabaza
- Baratxuri ale bat
- Koilarakadatxo erdi piperbeltz
- Koilarakadatxo erdi baratxuri hauts
- Koilarakadatxo erdi piperrauts
- Gatza
- Oliba olioa
Nola egin:
- Alberjiniak ondo garbitu eta erditik moztu.
- Alberjini erditik moztuei labanaz ebaki batzuk egin, eta gatza eta olioa bota gainetik.
- Aurrez berotutako labean 200ºC-tan 25 minutuz labekatu, beroa goian eta behean duelarik.
- Zartagin batean olio apur bat bota eta kipula eta piperra (zati txikitan moztuak) erregosi.
- Beste eltze batean, ura irakiten jarri eta kalabaza eta baratxuri alea egosi.
- Soja texturizatua hidratatu, espeziak erantsi eta zartaginera gehitu.
- Kalabaza eta baratxuria egositakoan, ura kendu, irabiabiagailutik pasa eta zartaginera erantsi.
- Saltsak ur apur bat gal dezan, zartagia sutan eduki 5 minutu inguruz.
- Alberginiei sardeska baten laguntzaz barrua zanpatu eta zartagiko soja eta barazkiez bete.
- 10 minutuz labekatu.
- On egin!
Aurreko astean lekaleez hitz egin ostean, gaurkoan horietako batetaz hitz egitera natorkizue; sojaz, hain zuzen ere. Duela urte batzuk, lau haizetara zabaldu zen soja eta minbiziaren artean erlazioa zegoela, eta bat-batean, elikagai gisa demonizatu egin zen. Beno, jakin beharra daukazue ez dela hala. Arratoietan frogatu zuten erlazio hori isoflabona (sojan dagoen konposatu bat) kontzentrazio oso altuekin gertatzen zela ikusi zen; eta arratoiek ez zuten soja kontsumitu, baizik eta isoflabonak soilik. Beraz, kontzentrazio horietara iristeko soja kiloka jan beharko genuke egunero; eta ez dut uste inork halakorik egiten duenik.
Gainera, hainbat ikerketetan ikusi dute sojak bularreko minbiziaren prebentzioan lagun dezakeela. Hala ere, horrek ez du soja egunero jan behar dugunik esan nahi. Lehenengo errezetan aipatu nizuen bezala, ez dugu panazearen bila ibili behar elikagaien artean, eta prebentzioan lagun badezake ere, garrantzitsuena dieta orekatu bat eramatea da, beste faktore askoren artean; hala nola ariketa fisikoa, osasun mentala eta soziala.
Hala ere, soja elikagai interesgarria da landare jatorriko proteinari dagokionez; izan ere, proteina osoa dauka (ikus txokolatezko gailetak). Modu ezberdinetara dasta dezakegu; lekale osoa egosita, edamameak, soja ernamuinak, tofua, soja texturizatua, soja esnea, jogurra, tempeh-a… Ziur zerrenda osotik baten bat ez duzula sekula dastatu. Animatzen zara zure plateretan zerbait berria sartzera?