Osagaiak (12 lagunentzat):
- 800 gramo garbantzu egosi
- 2 baratxuri ale
- 2 koilarakadatxo gatz
- 2 koilarakadatxo kumino
- 200 mililitro ur
- 2 koilarakada oliba olio birgin extra
- Kurkuma koilarakadatxo bat
- 70 gramo pikilloko piper
- 40 gramo espinaka gordin
- 80 gramo aza gorri erregosi
- Limoi zuku koilarakadatxo bat
- Bikarbonato sodiko koilarakadatxo bat
Nola egin:
- Garbantzu egosiak, baratxuri aleak, gatza, kuminoa, ura eta oliba olioa irabiatu masa homogeneo bat lortu arte.
- Hummus normala dagoeneko eginda dago, beraz, orain, koloreztatu egingo dugu. Horretarako, hummusa sei zati berdinetan banatuko dugu.
- Lehenengo zatia, naturala izango dena, dagoen bezala utziko dugu.
- Bigarren zatiari, espinaka gordinak gehitu eta ondo irabiatuko dugu.
- Hirugarren zatiari piperrak erantsiko dizkiogu eta ondo irabiatuko dugu.
- Laugarren zatiari kurkuma erantsiko diogu eta ondo-ondo nahastuko dugu koilara baten laguntzaz.
- Bosgarren zatiari 40 gramo aza gorri erregosi eta bikarbonato sodikoa erantsi eta ondo irabiatuko dugu.
- Seigarren zatiari 40 gramo aza gorri erregosi eta limoi zukua gehitu eta ondo irabiatuko dugu.
- Eta horrela lortuko ditugu sei kolore ezberdineko hummusak: beigea, berdea, gorri/laranja, horia, urdina eta morea.
- On egin!
Badirudi lekaleekin egindako errezetak soilik ekarriko dizkizuedala, eta ez da egia. Baina azkenaldian inspiratuta nabil lekaleekin, eta gainera, uste dut gizarteak behar duela bultzadatxo bat lekaleen kontsumoa areagotzeko. Hori dela eta gaur garbantzuekin nator, baina ez koilaraz jateko plater batekin!
Beroa egiten duenean, oso ohikoa da garbantzu plater bero-bero bat izatea gutxien desiratzen duguna, baina badakigu hauek gure eguneroko dietan sartzea beharrezkoa dela. Beraz, hummusa kontsumitzera gonbidatzen zaituztet; zizka-mizka gisa azenario makiltxoekin, ogi xirgotuan, mendira daramagun bokatan… Ekialde Hurbileko plater hau, ezaguna egin da mundu osoan zehar, eta aldaketa asko jasan ditu. Izan ere, etxean egiteak duen alde onetako bat hau da: norberak atsegin dituen osagaiak bota diezazkiokela. Olio gutxiago, ur gehiago, tahina, limoi zukua… Animatu zaitezte esperimentuak egitera; bai koloreekin eta bai zaporearekin.
Honetaz gain, garbantzuen ezaugarriak aipatuko dizkizuet. Garbantzuak, dakigun bezala, kalitate altuko proteinadun lekaleak dira. Zuntzean oso aberatsak dira, eta ondorioz, digestioan laguntzen dute; karbohidratoen xurgapena moteltzeaz gain (interesgarria, bereziki diabetesa duten pertsonetan). Horretaz gain, fosforoan, burdinean eta magnesioan aberatsak dira, baita B1 eta B6 bitaminetan eta azido folikoan ere. Zeren zain zaudete garbantzu gehiago kontsumitzeko?