Goxatzeko errezetak

Maddi Etxeberriaren artobeltzezko krepak tofu marinatuarekin

Aiurri 2020ko abu. 21a, 09:00

Gaurkoan Maddi Etxeberria larrauldarrak artobeltzezko krepak tofu marinatuarekin egin ditu; errezeta osasuntsua eta dieta beganora moldatuta.

Osagaiak (3-4 lagunentzat):

  • 200 gramo artobeltz
  • 150 gramo tofu
  • Alberjini handi bat
  • Azenario handi bat
  • Baratxuri ale bat (aukeran)
  • Koilarakadatxo bat belar probentzal
  • Oliba olio birgin extra
  • Gatza

Nola egin:

Krepak egiteko:
1. Artobeltza beratzen eduki gutxienez hamabi orduz
2. Artobeltzari ura kendu, ondo garbitu, eta basokada erdi urekin, gatzarekin eta baratxuriarekin irabiagailutik pasa (krepa finak egin nahi izanez gero, ur gehiago erantsi)
3. Zartagin itsasgaitz batean olio tanta bat jarri, ondo berotu eta masa pixkanaka botatzen joan
4. Ertzak zartagitik askatzen hasten direnean buelta eman, pare bat minutuz eduki (gehienez), eta plater batera atera.

Barazkiak:
1. Alberjinia dado txikietan moztu eta zartagin berora bota
2. Gatz apur bat erantsi eta su ertainean jarri ostean, estalita eduki, bizpahiru minutuz behin estalkia kendu eta nahastuz
3. Alberjinia egitear dagoenean, azenarioa zuritu eta azal-kentzekoarekin fin-fin xerratu ostean, azenarioa zartaginera erantsi
4. Beste lauzpa bost minutuz estalita eduki (bi minutuz behin nahastuz)

Tofua:
1. Tofua dado txikietan moztu eta ura ondo kendu musuzapi baten edo trapu baten laguntzaz
2. Ontzi batean, tofua, 2 koilarakada oliba olio, 2 koilarakada tamari eta belar probentzalak bota, ondo nahastu, eta hozkailuan sartu
3. Gutxienez lau orduz (gau osoa egoten bada hobe) marinatzen eduki
4. Zartagi itsasgaitz bat ondo-ondo berotutakoan tofua erantsi eta ondo gorritu alde guztietatik

Saltsa:
1. Eltze batean kalabazina (zati txikietan) eta kipula erdi jarri, ur ipurdi batekin
2. Su altuan jarri eta irakiten hasten denean gatza erantsi eta su ertainera jaitsi
3. Kalabazina eta kipula eginda daudenean sua itzali eta irabiatu

Krepak:
1. Behin dena prest dugularik, nahi den bezala osatu
2. Nire kasuan, lehenbizi barazkiak jarri nituen, gero tofua eta saltsa gainetik
3. On egin!

Artobeltza (trigo sarraceno edo sarrazenoa bezala ezagunagoa, agian), glutenik gabeko sasi-zereal bat da; hau da, zereal gisa klasifikatzen badugu ere (galburu edo gramineoetatik datozenei hala deitzen zaielarik), loreen hazietatik datorren produktu bat da. Hala ere, zerealen taldean klasifikatu ohi dugu sukaldean ematen zaion erabileragatik. Prestakuntza aldetik, ezagutzen ez badugu, arroza har dezakegu oinarritzat eta harekin sukaldatzen ditugun platerak sukaldatu artobeltzarekin: risottoak, paellak…

Osasunean onura asko dituen elikagai bat da (sekula ahaztu gabe panazea den elikagairik ez dagoela eta elikadura eta bizitzako faktore gehiagok eragiten dutela gure osasunean). Karbohidrato konplexu, landare jatorriko proteina eta fibran aberatsa izateaz gain, potasioa, magnesioa, burdina eta fosforoa gailentzen dira mikronutrienteetan, baina B taldeko bitaminak ere, hauek eragin oso positiboa dutelarik nerbio sisteman; batetik, memoria eta kontzentrazioa lagunduz, eta bestetik, depresio edo antsietate kuadroen prebentzioan eraginez. Kolesterola murrizteko ere elikagai egokia izan daiteke, eta daukan indize gluzemiko baxua dela eta, oso zereal egokia da diabetesa duten pertsonek kontsumi dezaten.

Egia da zapore berezia daukala, mikatzagoa ohituta gauden zerealena baino, baina krep edo tortatxo moduan (eta nahi izanez gero espezieen laguntzarekin), zapore oso atsegin bat lortzen da. Probatzeko prest?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!