Osagaiak (2-3 lagunentzat):
- 3 alberjini
- 2 piper gorri
- Perrexila (nahi adina)
- Gatza
- Oliba olio birgin extra
Nola egin:
- Labea berotu 180ºC-tan.
- Alberjiniak garbitu, zuritu eta erditik ebaki.
- Piper gorriak ondo garbitu.
- Labeko erretiluan jarri alberjiniak eta piper gorriak, oliba olio txorrotada bat bota eta 40-60 minutuz labekatu (ondo eginda daudela ikusi arte).
- Piper gorriak trapu batez estali eta hozten utzi.
- Behin hoztuta, piperrak zuritu eta haziak kendu.
- Piperrak zein alberjiniak tiratan moztu.
- Plater zabal batean nahi bezala kokatu eta gainetik perrexil moztua bota.
- Gatza eta oliba olioa bota.
- On egin!
Entsaladak gorrotatu eta maitatu egin ohi dira, baina egia da nahiko itxiak garela eta kosta egiten zaigula uraza, tomatea, kipula hirukotetik ateratzea. Entsalada-zale amorratu gisa, maite ditudala esan behar dut gustuen edo premien arabera oso moldagarriak direlako; aukera erraz bat direlako denborarik gabe gabiltzanerako; eta benetan egokiak tupperrean eramateko.
Gaurkoan, betiko gordintasunetik irten eta barazki errez egindako entsalada dakarkizuet, goxoa, azkarra, koloretsua. Perrexila kaltzio-iturri izugarri ona da, hezurretarako eta muskuluen uzkurdurarako beharrezkoa, besteak beste. Gainera, A eta C bitaminan ere aberatsa da. A bitamina oso interesgarria da mukosetarako; ikusmena, hesteak (eta beraz, digestioa), azala… C bitamina berriz, garrantzitsua beti bada ere, urtaro aldaketetan azpimarragarria da, izan ere, gure sistema immunea ondo egoteko beharrezkoa da. Piperra ere oso aberatsa da A bitaminan, baita C bitaminan ere, baina azken hau, sukaldatzeko beroarekin desagertu egingo da neurri batean. Amaitzeko, alberjiniaren potasioa, kaltzioa eta burdina azpimarratzea gustatuko litzaidake. Potasioa, orokorrean metabolismoan, zelulen arteko mugimenduan zein muskuluen uzkurduran parte hartzen duena, kaltzioa, aurretik aipatutako onurak dakartzana eta burdina, perrexilak duen C bitaminaren laguntzaz, hobeto xurgatuko dena. Gainera, barazkiz osatutako entsalada hau, zuntz iturri-garrantzitsua da; digestioan laguntzeaz gain, asetuta mantenduko gaituena denbora luzez.
Beraz, esateko gehiagorik ez. Soilik, probatzeko barazki ezberdinak entsaladan, edo nahi bezala. Jolastu kolore konbinaketekin, probatu ehundura ezberdinak… esperimentatu sukaldean!