Osagaiak (16 unitaterako):
- 50 gramo hur
- 50 gramo intxaur
- 50 gramo almendra
- 3 koilarakada txia hazi
- 2 koilarakada olo maluta
- Koilarakada bat agabe jarabe (eztiarengatik ordezka daiteke)
- 2 koilarakada koko olio
Nola egin:
- Intxaurrak, almendrak eta hurrak zuritu eta elikagai-prozesatzaile batean prozesatu, ehundura itsaskortzen hasten den arte (5 minutu inguru; noizean behin gelditu eta koilararekin nahastuz).
- Txia haziak eta olo malutak erantsi eta beste hiruzpalau minutuz prozesatu.
- Azkenik, agabe jarabea eta koko olioa erantsi eta pare bat minutuz prozesatu osagaiak ondo integratu arte.
- Eskuekin edo koilara baten laguntzaz bolatxoak egin eta plater batean jarri.
- Bolatxoak, gutxienez lau orduz hozkailuan eduki, gorputza hartzeko.
- On egin!
Errezetak publikatzen hasi berritan, esan nizkizuen intxaurrek zituzten milaka onuretako batzuk, beraz, gaurko errezetan ere sartu ditut, baina ez naiz luzatuko intxaurrekin. Almendren inguruan zerbait azpimarratu beharko banu (ezaugarri guztiak aipatuz gero testua ez bailitzake sekula amaituko), proteina portzentaia (20 gramo 100 gramo almendrako) eta E bitamina aipatuko nituzke; azken hau oso garrantzitsua duen paper antioxidatzaileagatik (hau da, nolabait esateko, zahartze-prozesuak moteltzen ditu). Hurrei dagokienez, azpimarratzekoak iruditzen zaizkit azido oleikoaren presentzia (bihotzeko arazoak prebenitu ditzakeena) eta zuntz kantitatea. Amaitzeko, txiaren ezaugarri batzuk aipatuko dizkizuet. Txiak omega 3 izenez ezagutzen dugun gantz azidoa dauka, kantitate nabarian. Hala ere, hau xurgatu ahal izateko, beharrezkoa da txia haziak beratzen edukitzea (gelatina moduko bat sortzen den arte) edo xehatzea (gure kasuan egin duguna). Gainera, eta beste gauza askoren artean, zuntz kantitate nabaria dauka eta gure digestioak erregulatzen lagundu diezaguke.
Bolatxo hauek oso interesgarriak izan daitezke mendi irteera luzeetan edo esfortzu fisiko handia eskatzen diguten iraupen luzeko kiroletan (txirrindularitza, iraupen-eskia, maratoiak, triatloiak…); izan ere, energia azkar errekuperatzen laguntzeaz gain (hori dela eta sartu dut agabe jarabea; izan ere, egunerokotasunean kontsumitzea ez nuke gomendatuko, baina interesgarria da horrelako egoera puntualetarako), nutriente interesgarriak emango dizkiogu gorputzari. Fruitu lehor ezberdinekin egin daiteke, gainera (anakardoak, pistatxoak…), datilak gehitu gozotasunerako (eta jarabea kendu), txokolate beltz urtutan pasa bonboi itxura emateko, fruta deshidratatua erantsi… Experimentatu eta bertsionatu platera, eta gozatu!
Eta badakizue, inolako zalantzarik izanez gero, idatzi lasai instragramen @begaonegin kontura edo facebook-eko Begaonegin orrialdera!