Goxatzeko errezetak

Maddi Etxeberria hur eta kakao kremaren errezetarekin datorkigu

Maddi Etxeberria 2020ko urr. 29a, 15:48

Maddi Etxeberria larrualdarrak hur eta kakao kremaren errezetarekin dator; jateko goxoa eta dieta begetarianora moldatuta. 

Osagaiak:

  • 150 gramo hur
  • 50 gramo datil
  • 30 kakao hauts
  • 150 gramo kalabaza erre (labean)
  • 50 mililitro esne

Nola egin:

  1. Errezetarekin hasi baino gutxienez bizpahiru ordu lehenago datilak beratzen jarri.
  2. Lehenik eta behin hurrak zartagin batean xigortu, su baxuan, 15-20 minutuz.
  3. Hurrak ondo prozesatu, hur krema lortu arte (pazientzia izan, hau da pausorik luzeena, baina gero merezi du nahi dugun ehundura lortzeak!).
  4. Kalabaza erantsi eta ondo prozesatu.
  5. Gainontzeko osagaiak erantsi eta ondo prozesatu (likidoagoa lortu nahi bada, esne gehiago erantsi).
  6. Ontzi batean gorde eta hozkailuan kontserbatu.
  7. On egin!

Gaurkoan, kalabaza eta hurren onurez hitz egingo dizuet, baina horren aurretik, garrantzitsua iruditzen zait horrelako kremak etxean egitearen garrantzia azpimarratzea. Izan ere, merkatuan topatzen ditugun hur eta kakao krema gehienek osagai irakurtezin eta kaltegarriak dituzte: palma olioa, trans gantzak, azukre errefinatuak, kontserbatzaileak… Elikagai hiperpalatableak direnez (zapore handikoak), horien kontsumoa ohiko bihurtzen dugun unean, zailagoa izango da pertsonen (eta batez ere haurren) dietan barazkiak bezalako elikagaiak sartzea. Hori dela eta, osagai naturalekin egindako kremak topatu edo egin zuek; zuen osasunak eskertuko du!

Kalabaza garaiko barazki bat da, etxe askotan purean soilik jaten dena, baina modu askotara erabili daitekeena. A bitaminan da aberatsa, zeinak mukosen mantentzean parte hartzen duen; hau da, begien, azalaren, hesteen… mantentzean. Horretaz gain, zuntz disolbagarria dauka, komunera joateko arazoak dituen jendearentzat zoragarri datorrena; izan ere, digestioan zehar ura erakartzen du eta gel moduko sortzen du, elikadura boloa hesteetan errazago irristatzen laguntzen duena.

Beste alde batetik, hurrak bereziki aberatsak dira E bitaminan eta azido oleikoan. Azido oleikoa osasunerako onuragarria dela demostratu da, gaixotasun kardiobaskularrak ekiditen paper garrantzitsua izan baitezake; LDL kolesterola (“kolesterol txar” gisa ezaguna) odolean jaisten laguntzen du eta gainera behazun-harriak gutxitzen ditu. E bitamina, berriz, antioxidatzaile garrantzitsua da. Paper garrantzitsua jokatzen du gure sistema immunean, eta zahartze prozesua arintzen du (erradikal libre deiturikoak neutralizaten dituelako).

Beraz, beti jan izan ditugun askariak egiten jarraitu dezakegula ikus dezakezue, modu osasuntsuan! Zeren zain zaudete?

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!