Goxatzeko errezetak

Maddi Etxeberriaren eskutik batata beteen errezeta

Maddi Etxeberria 2020ko aza. 13a, 09:27

Larrauldarrak batata beteen errezeta egiten erakutsi du; osasuntsua eta dieta beganora moldatuta.

Osagaiak (4 pertsonentzako):

  • 4 batata
  • 2 kipula
  • 80 gramo soja texturizatu
  • 150 gramo ziazerba
  • 50 mililitro (soja) esne
  • 4 koilarakadatxo piperrauts
  • Koilarakadatxo bat baratxuri hauts
  • Gatza
  • Oliba olioa

Nola egin:

  1. Azala ondo garbitu ondoren, batatak 45-60 minutuz labekatu 150ºC-tan (eginda daudela ziurtatzeko zulatu labana batekin)
  2. Lehenik eta behin, soja hidratatzeko, ura irakiten jarri gatz apur batekin eta irakiten ari denean, sutatik kendu, soja bota eta estali.
  3. Zartagin batean oliba olio txorrotada bat bota eta zartagina berotu.
  4. Kipulak zati txikietan moztu eta zartaginean egin, su altuan eta etengabe mugituz, gatz apur batekin.
  5. Soja hidratatuta dagoenean (uretan 10 minutu nahikoak izan ohi dira) zartaginera erantsi ura kendu ostean.
  6. Soja eta kipula pare bat minutuz sueztitu, sua jaitsi eta piperrautsa erantsi.
  7. Beste zartagin batean olio apur batekin baratxuri hautsa sueztitu eta ziazerbak erantsi.
  8. Ziazerbak ondo egin direnean sutatik kendu, esnea erantsi eta irabiatu.
  9. Zerbitzatzeko, plater bakoitzean batata bat jarri, erditik ireki, soja eta kipulaz bete eta ziazerba saltsarekin apaindu.
  10. On egin!

Batata, gure sukaldeetan modan egon zen tuberkulu hori. Oraindik jende askok ezagutzen ez duena, eta beste askok izugarri maite duena. Beste elikagai askorekin bezala, edo maite duzu edo gorroto duzu, ez dago erdi bidekorik.

Historialarien arabera, batata Cristobal Colón-ek ekarri zuen Europara, beste produktu askorekin batera, eta ordutik, gehiago edo gutxiago, kontsumitua izan da. Udazkena eta negua garairik aproposenak dira batata kontsumitzeko, eta kalabazarekin batera, gure errezetak gozatzeko alternatiba aproposa dela esango nuke; errezeta gazi zein gozoetan erabili dezakegularik.

Propietate nutrizionalei dagokienez, batataren laranja koloreak azkar adierazten digu betakaroteno eta karotenoideetan aberatsa dela. Karotenoideak A bitaminaren aurrekariak dira, gure gorputzean A bitaminan bihurtuko direlarik. A bitamina, aurreko hainbat argitarapenetan esan bezala, bereziki garrantzitsua da mukosen mantentzean; begiak, hesteak, azala… Bestetik, betakarotenoak antioxidatzaileak dira, erradikal libreek sortutako kaltetik babesten gaituztenak; hau da, zahartze-prozesutik, nolabait esatearren. Beraz, garrantzitsua da gure dietan antioxidatzaileak sartzea, hainbat gaixotasunen prebentzioan eta zahartze-prozesua atzeratzen lagundu diezaguketelako.

Beste alde batetik, barazki, lekale eta tuberkulu askok bezala, batatak ere potasio asko dauka, zeinak gure muskuluen uzkurtzean eta nerbio sistemaren funtzionamenduan ezinbesteko papera daukan.

Beraz, eta betiko lez, experimenta dezazuen esango dizuet. Nahi izanez gero ordezkatu batata patatagatik, betetzeko soja erabili ordez erabili beste zerbait (oilaskoa, azalorea, arrautza, lentejak, hummusa...), aldatu saltsa beste barazki baten saltsagatik, erabili beste espezia batzuk… Hala ere, bereziki gomendatzen dizuet batata-ziazerba konbinazioa, zoragarria da! Disfrutatu eta prestatu plater hau gehien disfrutatuko duzuen moduan. Eta koloretsu, erakargarri eta mundial gelditzen bazaizue, animatu zaitezte instagramera igo eta @begaonegin kontua etiketatzera!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!