Osagaiak (3-4 pertsonentzako):
- 250 gramo dilista gordin
- 150 ml ur
- 3 baratxuri ale
- 2 kalabazin ertain
- Piper gorri bat
- Piper berde bat edo bi
- 340 gramo tomate saltsa
- Oliba olioa
- Gatza
Nola egin:
Tortatxoak
- Dilistak beratzen eduki gutxienez 8 orduz (bezperan jartzea da erosoena, nire ustetan)
- Beratzen edukitako ura kendu, ondo garbitu, 150 ml ur erantsi eta ondo irabiatu.
- Baratxuri aleak eta gatza erantsi eta berriro irabiatu masa erdi-homogeneo bat lortu arte.
- Zartagin itsasgaitz bat ondo berotu eta koilara baten laguntzaz tortatxoak egin; alde bakoitzetik bizpahiru minutuz, su ertain-altuan.
Pistoa
- Eltze batean oliba olio txorrotada bat berotzen jarri.
- Piper gorria eta berdea ondo garbitu eta laukitxoetan zatitu.
- Piperrak eltzera bota eta su ertain-altuan eduki hiruzpalau minutuz. Su ertainera jaitsi eta gatza bota.
- Kalabazinak ondo garbitu eta laukitxoetan zatitu. Ondoren, eltzera erantsi, gatza bota eta sua igo.
- Etengabe mugitu egurrezko koilara batekin kalabazinaren ura lurrundu dadin.
- Barazkiak erdi-eginda daudenean tomate saltsa erantsi eta su baxuan eduki 20 minutu inguruz.
- On egin!
Badakit nire beste errezeta batean dilistez hitz egin nuela, baina lekaleen kontsumoa sustatze aldera, berriro hitz egingo dizuet. Dilistak zuntzean aberatsak dira; izan ere, 100 gramo dilistako (dilista lehor), ia 10 gramo zuntz dituzte, egunean heldu batek kontsumitu beharko lukeenaren herena. Beste alde batetik, 100 gramo dilista lehorrek ia 25 gramo proteina dituzte; beraz, proteina iturri garrantzitsua da. Amaitzeko, bitamina eta mineral dezente ditu dilistak: A bitamina, azido folikoa, C bitamina, kaltzioa, potasioa, fosforoa, burdina… Azken hau kontsumitzerakoan, landare jatorrikoa izanik, garrantzitsua da C bitaminaren presentzian kontsumitzea, xurgapena egokia izan dadin.
Horregatik egin ditut tortatxoak pistoarekin, C bitaminan aberatsak diren hainbat elikagaiz osatua dagoenez, burdinaren xurgapena errazten duelako: piperrak, tomate saltsa… Egia da sukaldatzerakoan C bitaminaren ehuneko bat galdu egiten dela, baina hasierako kantitatea handia denez, zati bat mantenduko da. Hala ere, errazagoa izateko, C bitaminan aberatsa den fruta bat jan dezakezue dilisten ostean: kiwia, anana, laranja, mandarina, marrubiak… Nik, ohitura hartu dut eta dilisten ostean beti jaten ditut pare bat mandarina!
Baina beno, beti esaten dudan lez, garrantzitsua iruditzen zait zuek ere sukaldean experimenta dezazuen; dilista tortatxoak beste zerbaitekin presta ditzakezue, adibidez. Guakamolearekin oso goxoak gelditzen dira, baina ziur nago beste gauza askorekin ere ederki konbinatzen dutela; esango didazue! Bestetik, pistoa ere era ezberdinetara sukalda daiteke; zuen gustuko barazkiekin, batzuk kendu, beste batzuk erantsi, labean gratinatu… Esango didazue zein den zuen konbinaziorik gustukoena; eta egiten baduzue, etiketa nazazue @begaonegin kontuan!