Osagaiak:
- 3 platano handi heldu
- 80 ml kakahuete krema
- 60 ml koko olio
- 250 gramo olo irin integral (edozein irinekin ordezka daiteke)
- Koilarakadatxo erdi jengibre
- Koilarakadatxo erdi kanela intxaur muskatu.
- Koilarakadatxo erdi
- Gatz apur bat
Nola egin:
- Ontzi batean, sardeska baten laguntzarekin, platanoak pure egin.
- Koko olioa erantsi eta ondo nahastu.
- Kakahuete krema erantsi eta ondo integratu.
- Osagai lehorrak erantsi, nahastu, eta orea 5-10 minutuz atseden hartzen utzi.
- Labeko paperaren gainean borobiltxoak egin eta 180ºC-tan labekatu (labea aurretik berotu ostean) 20-25 minutuz.
- Hozten utzi eta ON EGIN!
Gaileta goxo hauekin, gosariaz hitz egitera natorkizue. Ez dakit sekula ohartu zareten, baina gosaria da otordu bakarra, elikagai industriak produktu zehatzak sortu dituena. Baina ez pents aproduktu horiek betidanik egon direnik! Garai batean, etxean zegoena gosaltzen zuten, gosaltzeko aukerik bazen! Baina gaileta, zereal eta kakaodun esnearena askozaz beranduago etorritako zerbait da. Hala ere, oso azkar integratu da gure gizartean eta barneratuta dauzkagun produktuak dira, norbaitek bezperako afariko sobrak gosaldu dituela esaten duenean gaizki begiratzeraino.
Industriak sortutako produktu hauek ez dira batere nutritiboak; azukre sinpleak, trans gantzak, irin refinatuak… Noizean behin kontsumi daitezkeen produktuak dira, baina ez egunero hartzeko modukoak, eta oraindik eta gutxiago haurretan, zeinen organismoa oraindik hazten eta sortzen ari den.
Hala ere, nik ulertzen dut gosaria gailetarik, zerealik edo kakaodun esnerik gabe ezin imagina izatea, eta horretarako ekarri dizuet gaurko gosaria, nutrizionalki oso interesgarriak diren gaileta hauek ekarriz. Baina honakoa eskatzen dizuet, mesedez: pentsa dezagun apur bat, hausnar dezagun, eta izan gaitezen kritiko berezkoak direla uste dugun produktu guzti horiekin!