Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, Maite Arana Larraulgo alkateak eta Juan Diego Edinor enpresako kontseilariak Larraulgo energia komunitatearen proiektua aurkeztu zuten apirilaren 9an.
Trantsizio energetikoa areagotzea Europatik datorren agindua da, eta administrazio ezberdinak horretan ari dira lanean. Larraulen aurkeztu zuten egitasmoarekin, energia berriztagarrien erabilera eta autokontsumoa sustatu nahi dira.
Aldundiak ohar bidez eskaini ditu egitasmoaren xehetasunak: “Frontoiaren estalkiak 160 metro koadroko azalera du, 25 urterako plaka fotovoltaikoak instalatzeko. Aurreikusita dago 30 KW-ko instalazioa egitea eta 500 m-ko erradioan dauden Larraulgo 50 etxebizitza eta saltoki energia berdez hornitzea autokontsumoko erregimenean. Energia erkidego horretan parte hartuz, etxe edo saltoki bakoitzak urtean %20 inguru aurreztuko du, gutxi gorabehera, argiaren fakturan”. Jose Ignacio Asensio buru den Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren helburua da “lurraldeko energia-mendekotasuna murriztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta autokontsumoa bultzatzea”.
Energia Distribuida del Norte S.A Edinorreko kontseilari delegatu Juan Diegok aurkezpenean adierazi zuenez, “Larraulgo egitasmoan parte hartzen dutenek beren udalerrian energia jasangarria sortzen lagunduko dute, faktura elektrikoan sartzen diren bidesarien eta karguen kostuak aurreztuz.”
Mendekotasun energetikoa
Egun, Gipuzkoak duen mendekotasun energetikoa %92,77koa da, eta, beraz, bertako autohornikuntza %7,23koa baino ez da. “Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia”ren helburuetako bat da, lehen mailako energia berriztagarria ekoizteko ahalmena handitzea, eraikinetan eta beste unitate batzuetan autokontsumorako hainbat energia banaketa eredua bultzatuz.
Testuinguru horretan, Larraulen abiarazi duten tokiko energia komunitateen bitartez, trantsizio energetikorako aldaketa bizkortu nahi dute. Aldundiaren arabera, energia kontsumoaren “OKM eredu berri honetan, instalazioak kontsumitzailearengandik gehienez 500 metroko erradioan daude. Kontsumitzailearen ahalduntzea da eredu berri honen hirugarren ardatza, eta herritarrek rol aktiboa jokatzea sustatzen du, energia berriztagarrien ekoizpenean, erosketan, kontsumoan eta biltegiratzean”.
Teklarraul.eus
Parte hartzeko interesa duten herrikideek izena eman behar dute. Xehetasun gehiagorako webgunea aurkeztu dute.