Solstizioa, ohiturak eta emakumeen lana balioan jarrita

Sara Medrano 2021ko eka. 18a, 10:20

San Juan bezperako ospakizuna, 2019an.

Ibilbide antzeztua antolatu dute Larraulen, ekainaren 18an. Ikusleek hamarnako taldeetan egingo dute ibilaldia

Ekainaren 23an sua piztu ohi dugu, herri eta txoko guztietan. Egun berezia izan ohi da, kontu zahar eta mingarri ugari sutara bota eta berriei lekua egiteko. Eguzkia bere puntu gorenean egoten den horretan, gizakiak hainbat gogoeta egin izan ditu, ama-lurraren zikloaz, egunaren eta gauaren txandatzeaz, eguzkiaren inguruko lurraren mugimenduaz, urtaroez, naturaren indarra menperatzen duen jainko eta jakinkosaz... horretan datza, Larraulgo ibilbide antzeztua. 

Ospakizun honen jatorrira salto egin nahi dute, ibilbide antzeztua antolatuz. Gorputzarekin eta naturarekin konexio handia zuen emakumearen irudia indartu nahi dute. 

Hamar laguneko taldeak

Horretarako, hiru gune ezberdin izango ditu ibilbideak eta, gune horiek herri barruan edota basogune batean kokatu dituzte larrauldarrek, Zumardia hezitzaile taldearen laguntzaz. 10 pertsoneko taldeetan banatu beharko dira eta 30 minuturo talde bat sartuz ibilbidera. Taldea, gune batetik bestera mugituz joango da, elkarren artean 200 metro inguruko distantzia izango duelarik. 

Ibilbideak ohitura ezberdinak eta emakumeen lana balorean jartzeko balioko du. Hainbat gai eta kondaira ezberdin jorratuko dira. Adibidez, sendabelarrak erabiltzen iaioa den emakumea izango da gune bateko kontalaria. San Joan sorta egiteko behar diren landareen inguruan aritu, zein ukendua egiteko errezeta azalduko du. 

Azken gunean, ohiturak eskatzen duen moduan, dantza-kontakizun bat egingo dute suaren inguruan. Emakumeek historian zehar izan duten indarra eta garrantzia irudikatuz. Beraz, ibilbidea, naturarekin bat eginez, eta bereziki, emakumeen jakintza eta gaitasunak ikusarazteko aitzakia ederra da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!